Sorginen Kondaira, abentura euskal mitologian barrena

10 May, 2016

Binary Soul startup-ak merkaturatu du euskal kulturako pertsonaia eta eszenatoki mitologikoetan oinarritutako lehenengo 3Dko bideojokoa.

Pirulina sorgin-ikasle bat da, eta bere eguzki-lorea jasotzekotan den gauean, “Gaueko” beldurgarriak bere ikaskideak bahituko ditu Mari jainkosaren aurkako eraso gisa, euskal lurrak ilunpean murgiltzeko asmoz. Horrela hasten da Sorginen Kondaira 3Dko bideojokoaren istorioa, euskal kulturako toki eta pertsonaia mitologiko ezagunenak erakusten dituena.

Maila desberdinetan zehar, Pirulinak topo egingo du Basajaunekin, Tartalorekin, Lamiekin edo Mari jainkosarekin, eta ahalmen desberdinak bildu beharko ditu puzzleak eta erronkak gainditu eta bere ikaskideak askatzeko. 3Dko eszenatokietan toki desberdinak ikusten dira, esaterako Sorginetxeko trikuharria, Omako basoa edo Zugarramurdiko kobazuloak.

 

Videojuego Sorginen Kondaira

Pirulina da Mari euskal jainkosaren itxaropen bakarra.

Bilboko Binary Soul kooperatibak (bideojokoak eta errealitate birtualeko inguruneak garatzen dituenak) sortu du Sorginen Kondaira, euskal mitologiari buruzko lehen 3Dko bideojokoa. Proiektua haurrei nahiz gaztetxoei zuzentzen zaie, eta osagai hezitzaile garrantzitsua du, jokoaren helburua baita euskal kultura ezagutzera ematea modu ludikoan. Horregatik, puzzle eta abenturen dinamikaz gain, bideojokoan informazio interaktiboa ematen da euskal mitologiako pertsonaiei eta toki klasikoei buruz.

Bideojokoa formatu fisikoan kaleratu da, PC Windows plataformetarako DVD bat da, eta euskarazko aisialdi eta kultur edukietan espezializatutako Elkar argitaletxeak plazaratu du. Gainera, proiektua garatzeko, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza jaso dute.

Binary Soul enpresa gazte bat da, 2014an Digipen Institute of Technology eskolako zazpi ikasle ohik sortua. Sorginen Kondairaz gain, startup-ak beste hainbat proiektu garatu ditu, hala nola Motion Box, 3Dko simulazioen bidez produktu industrialak aurkezteko tresna teknologikoa edota Euskal Herriko Pilota Birtuala, jokoa lehen pertsonan esperimentatzeko errealitate birtualeko simulagailua.

 

Sorginen Kondaira

[embed_blog_up_euskadi id=”1″]

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow