Subiranotasun teknologikoa, DIY instrumentuak eta diseinu irekia SummerLab tailerrean

20 June, 2017

 

Uztailean tailer bat antolatuko da teknologien erabilpen sozialari buruz.

Hirikilabs eta Uliako Haztegi Parkeak SummerLab topaketa ostatatuko dute uztailaren 12tik 15era. SummerLab kanpaldian aztertuko dira zein aukera sor daitezkeen kode irekiko teknologien, maker kulturaren eta aktibismo hiritarraren arteko nahasketatik. Aurtengo edizioaren ardatz nagusiak dira ekimen hiritarra eta teknologia sozialak; eta jarduerak kokatzeko prestatu diren espazioetan dagoeneko ikusten da badagoela gogoa esparru teknologikoa eta mobilizazio soziala uztartzeko. Tabakalerako kultura digitalaren laborategia eta Uliako udal haztegi zaharrak dira espazio horiek, auzo elkarteak berreskuratu egin baititu kultur jardueretarako parke publiko auto-kudeatu gisa erabiltzeko.

Jardunaldiak jende mota askori zuzenduta daude: teknologoak, ikerlariak eta maker-ak, baina baita ere arte eta gizarte diziplina desberdinekin lotutako profilak edota kolektibo hiritarretatik datozenak. Kanpaldiak lau egun iraungo ditu, eta denbora horretan lantalde desberdinak osatuko dira, parte-hartzaileek eurek prestatuko duten jarduera programa banatu batekin.

Sei gune tematiko finkatu dira: maker filosofia, hacktibismoa, ekimen hiritarrak eta teknologia irekien aukerak. Adibidez, Subiranotasun Teknologikoaren taldeak gogoeta egingo du kontzeptu horren inguruan, metodologia eta dinamika desberdinak erabiliz, ikuspegi kritikotik abiatuta eta modu ludiko batean. Diseinu Irekiko taldeak Uliako Haztegien Parkea hartuko du kasu gisa, altzariak kolektiboki eraikitzeko. Luthería Experimental taldeak, bestalde, proposatuko du soinu dispositiboak sortzea, elkarrekin nahastuz ezagutza klasikoak eta Do It With Others joera.

Bestalde, hiri adimenduna ulertzeko modu alternatiboei buruzko tailerrak egingo dira, teknologia hiritarrak baliatuz. Horrez gain, talde batek datuak aztertu eta bistaratuko ditu, Airbnb fenomenoak Donostian izan duen efektua abiapuntutzat hartuta. Hirikilabs – Tabakalerako kultura digitaleko eta teknologiako laborategiak eta DSS2016 ekimenak antolatu dute SummerLab, izen-ematea dohainekoa da eta horretarako proiektuko atarian sartu behar da.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow