Sakelakotik kontrolatzen den sarraila ikusezina

6 October, 2016

Segiro euskal startup-ak garatu du sistema berri hori.

 

Segiroren funtzionamendua oso sinplea da: atean ezkutatutako segurtasunezko sarraila bat da, sakelako telefonoaren bitartez aktibatzen dena. Jabeak dei galdu bat egin behar du, eta horrekin aktibatzen da irekitzeko edo ixteko mekanismoa. Sistemak baimendutako telefono zenbakiek bakarrik aktibatu dezakete mekanismoa, eta seinalea guztiz enkriptatuta dago, baimenik gabeko inork bortxatu ez dezan.

 

“Ezkutuko sarraila horrek atea blokeatzen du, eta, ezkutuan dagoenez, sartu nahi duenak ezingo du manipulatu” azaldu du Juan Francisco Giménezek, Segiro enpresako arlo teknologikoko zuzendariak, “gainera, abantaila bat du bestelako sistema pasibo batzuen aldean (kamerak, alarmak…): sarbidea blokeatu dezake”. Itxidura Segiro enpresako lantaldeak patentatu du, eta etxeetan ez eze, bulegoetan, lokal komertzialetan edo garaje komunitarioetan ere erabil daiteke.

 

Sistemak kontuan hartzen ditu nolako egoerak sor daitezkeen sarraila desblokeatzeko sakelakoa erabiltzen denean, esaterako, smartphone-a galtzea edo bateriarik gabe gelditzea. Sarraila bakoitzak berekin dakartza gutxienez bi sistema administratzaile; hala, erabiltzaileak beste telefonoa erabil dezake atea irekitzeko edo beste zenbakiari baja emateko, lapurretaren bat gertatzen bada. Gainera, sistemak 36 ordurainoko bateria dauka argia joaten denerako, eta alertak bidaltzen ditu jabearen sakelakora, argindarra eten dela abisatzeko. Bestelako funtzionaltasunak ere baditu, aukera ematen baitu nor sartzen eta ateratzen den kontrolatzeko, eta orobat telefono zenbakia erregistratzeko eta zein ordutan erabili den jakiteko.

 

“Gure asmoa ez da lehendik instalatuta dauden beste sistema batzuen lehia izatea” adierazi du Juan Francisco Giménezek, “segurtasunerako plus bat eskaintzen dugu, eta ez dio axola zer dagoen lehendik instalatuta; zenbat eta segurtasun handiagoa, hainbat eta hobe”. Produktua duela 3 urte merkaturatu zen, baina higiezinen eta enpresen sektoreak agertutako interesa dela medio, berriro diseinatu zuten sistema, alderdi digitalari eta pertsonalizazioari garrantzi handiagoa emanez. “Geldialdi bat egin genuen negozio estrategia argi bat bilatzeko” azaldu du Kepa Mirena Mesok, Segiro enpresako kudeatzaileak, “gaur egun badauzkagu interes horri erantzuna emateko behar ditugun tresnak eta finantzaketa”. Azaroan produktuaren bertsio berri bat merkaturatzen hasiko dira. Bestalde, lantaldeak asmoa du epe ertainean Segiro nazioartekotzen hasteko, harrera oso positiboa izan baitu Europako eta Asiako hainbat herrialdetan.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow