Software Libreko Unibertsitateen Rankinaren 5. edizioa

28 April, 2016

Azterlanaren helburua da kode irekiko tresnek goi-mailako hezkuntzan duten erabilpena hedatzea.

PortalProgramas atariko Behatokiak Software Libreko Unibertsitateen Rankinaren edizio berri bat plazaratu du. Txosten horren bidez urtero neurtzen da Estatuko unibertsitateek horrelako tresnen erabilpenarekin hartua duten konpromiso-maila.

2016ko txostenean, Estatuko batez bestekoaren inguruan daude EAEko hiru unibertsitateak: aztertu diren 74 unibertsitateen artean, Deustuko Unibertsitatea 27. postuan dago, UPV/EHU 29. postuan, eta Mondragon Unibertsitatea berriz 37. postuan. Oro har, goi-mailako hezkuntzako hiru erakundeek emaitza oso onak lortu dituzte irizpide teknologikoetan, besteak beste, hauetan: sistema eragile propioa erabiltzea, software librearekin garatutako campus birtuala, lizentzia irekiak erabiltzea edukiak babesteko eta zerbitzari libre bat erabiltzea web instituzionalentzako.

Deustuko Unibertsitateari dagokionez, software librearen kulturarekin lotutako beste alderdi batzuk ere azpimarratu ditu txostenak, adibidez, organismo instituzional bat sortu izana unibertsitatean berau sustatzeko, eta Webmetria. Bestalde, irakaskuntza eta produkzioa dira gutxien garatu dituen alderdiak. Euskal Herriko Unibertsitatea batez bestekoaren gainetik dago alderdi hauetan: Open Course Ware erabiltzea irakaskuntza materiala eskaintzeko eta software librea erabiltzea ikerketa taldeetan. Aldiz, irakaskuntza eta dibulgazio arloetan lortu ditu puntuaketa baxuenak. Azkenik, Mondragon Unibertsitateak emaitza positiboak lortu ditu ikerketan eta dibulgazioan, baina batez bestekoaren azpitik dago irakaskuntza eta software libreko produkzio arloetan.

Estatu mailan, Elxeko Miguel Hernández Unibertsitatea dago rankingeko lehen postuan, gero Granadako Unibertsitatea, eta ondoren Tenerifeko La Laguna Unibertsitatea. Azpimarratzekoa da, halaber, Galiziako hiru unibertsitateek (A Coruña, Santiago Compostelakoa eta Vigo) egindako ahalegina, 5, 6 eta 7. postuetan kokatu baitira hurrenez hurren. Hiru erakundeek software libreko bulego bat sortu zuten Galiziako Erkidegoan, indarrak batzeko eta, horrela, elkarrekin sustatzeko iturri irekiko teknologiak hezkuntzan.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow