Posible da “big data” egitea software irekirik gabe?

15 September, 2017
Zylk enpresako lantaldea.

Zylk konpainiak “open source” konponbideak erabiltzen ditu datuen analitika egiteko 4.0 Industria edo “Smart City” bezalako arloetan

IBMren azterlan baten arabera, 2,5 trilioi datu byte prozesatzen dira egunero. Datu horiek mota askotakoak dira, esaterako, izan daitezke Interneten nabigatzeko behar diren cookie-ak edota pieza bat fabrikatzeko prozesuari buruzko txosten konplexuak. Munduan existitzen diren datu digital guztien %90etik gora azken bi urteotan sortu dira. Horrek erakusten du datuen analitika gero eta garrantzitsuagoa dela gure gizartearen hainbat sektoretan.

 

Aztertu behar den datu-bolumena tamaina jakin batera iristen denean, datu-bolumen horri “big data” deitzen diogu. “Big data”ren analitiketan, hainbat teknologia eta prozesu elkartzen dira, esaterako, datuak atzematea sentsoreen bitartez, datu horiek urruneko zerbitzarietan biltegiratzea (“cloud computing”) eta Adimen Artifizialeko sistemen bitartez aztertzea edota informazio baliagarri bihurtzea, datuak bistaratzeko interfazeen eta softwarearen bitartez.

 

Zylk enpresa garrantzia hartzen ari da Euskadiko “big data” sektorean. 2004an sortutako konpainia horrek une gozoa bizi du. Uztailean “Espainiako Open Source Zerbitzuen Enpresa Onenaren Saria” jaso zuen OpenExpo ekitaldian, software libre eta irekiaren sektoreko Estatuko ekitaldi handienean. BIND 4.0 programaren lehen edizioko aukeratuetako bat izan zen, eta horri esker posible izan zuen “big data” arloan duen ezagutza aplikatzea puntako konpainia batean, ITPn.

 

Sortu zenetik, Zylk batez ere espezializatu da atari korporatiboen sorkuntzan, dokumentuen kudeaketan eta langileen prestakuntzan, eLearning plataformen bidez. Horretarako “open source” edo kode irekiko tresnak erabiltzen ditu, horixe delarik konpainiaren nortasun ikurretako bat. David Olmosek, Zylk enpresako zuzendari nagusiak, beste hainbat kargu ditu sektoreko erakundeetan, bera baita ESLEko –Euskadiko Teknologia Libreko eta Ezagutza Irekiko Enpresen Elkarteko- presidenteordea eta ASOLIFeko –Espainiako Software Libreko Enpresen Federazioko- presidentea.

 

Datuak eta sentsoreak

Azken hiru urteotan, euskal enpresa honen negozio-ereduak eboluzionatu egin du, eta bere jarduera berrorientatu du telekomunikazioen, industriaren eta Smart City-en “big data”ra. “Bageneukan esperientzia lehendik existitzen diren datu digitalen analisian. “Big data”ren arazoetako bat da sentsoreak instalatu behar direla datu horiek atzemateko. Ingurune industrialetan makinek informazioa ematen dute, baina zati bat galdu egiten da. Sektore industrialak ez die baliorik ateratzen dauzkan datuei, izan liteke sentsorerik instalatuta ez edukitzeagatik edo, instalatuta izanda ere, informazio hori ez delako ondo prozesatzen. Ohartu ginen balioa eman behar zitzaiola sortzen den baina aprobetxatzen ez den informazio horri” azaldu du David Olmosek.

 

Zylk enpresak Euskaltel konpainiarekin batera egin du azken urteotan datuen analitikan erreferentziazko bihurtu den bere proiektuetako bat. Ekimen horren bidez, balioa eman diote euskal operatzaileak 3G, 4G edo WiFi Kalean lineen bitartez jasotzen duen informazioari, bide horretatik, leialtze estrategiak garatzeko, seinalearen arazoak edo gabeziak aztertzeko eta datuak bildu eta ikuskaritzak egiteko. Baina, zalantzarik gabe, ITPrekiko lankidetzak askoz ezagutza sakonagoa eman die ingurune industrialetako “big data”ri buruz, eta halaxe aitortu du Zylk enpresako zuzendari nagusiak: “ITPk proiektu desberdin bat eskaini zigun. Jakin nahi zuten nola luzatu beren motorrak eraikitzeko prozesuan narriadura jasaten zuten zenbait osagairen bizitza baliagarria. Proiektu hori gauzatzeko, makinetatik jaso nahi zituzten datuak, hasi prozesamendutik eta interfazeak eta eredu prediktiboak sortzeraino, beti ere helburutzat hartuz kostuak murriztea eta prozesuak hobetzea. Nahiz eta bukatuta dagoen BIND 4.0 programaren lehen edizioa, haiekin lanean jarraitzen dugu, epe luzerako proiektu bat delako”.

 

“Big data” eta beste teknologia disruptibo batzuk (adibidez, fabrikazio gehigarria edo errealitate birtuala) heltze-prozesuan daude oraindik. “Bai industria eta bai sektore teknologikoa ikasten ari gara, jakiteko zer egin dezakegun “big data”rekin eta nolako abantailak ekar ditzakeen. Komeni zaigu bezeroak irabaziak ateratzea eskaintzen diogunarekin. Erronka erraldoi bat eskaintzen badiot, bizpahiru urte itxaron beharko ditu zerbait lortzeko, eta halakoetan zaila izaten da interesa eta konfiantza sortzea. Enpresek proiektu sinple samarrekin hasi behar dute. Datu digitalen bat badute, hortik hasiko gara, sentsoreak instalatzeko prozesuak garestiagoak baitira” azpimarratu du David Olmosek.

 

Adimen Artifizialaren papera

Azken hilabeteotan asko hitz egin da datuekin lotutako beste teknologia batez, alegia Adimen Artifizialaz, baina horrek ere oraindik ez ditu bete igurikapen guztiak, Zylk enpresako arduradunaren arabera: “Adimen Artifiziala geure artean egongo da etorkizunean, guztiz autonomoak izango diren sistema prediktiboetan. Une honetan, sistema lagungarria baino ez da. Enpresa batek datuei zukua atera nahi badie, identifikatu egin behar ditu lehenik, kalitatezko datuak izan behar ditu, eta konpainiak berak detektatu behar du datu horien balio ekonomikoa, garatzen ari den produktuei emateko. Baina, egia esan, oraindik ere zulo asko daude datuetan. Pertsonek eskuz zuzendu behar dituzte datuen desbideraketak, gizakiok bakarrik detektatu baititzakegu serieko akatsak. Gizakion garunak hainbat gaitasun dauzka, aldiz, Adimen Artifiziala oraindik ez da gai zenbait patroi bereizteko. AA garrantzitsua izango da etorkizunean, baina oraindik bide luzea geratzen zaio egiteko”.

 

Euskal konpainia honek bere printzipioei jarraituko die, eta apustu egingo du software libre eta partekatuaren alde, horietan oinarritzen baitira bere produktuak, baina, hori bai, “big data” ahaztu gabe, “big data” arloko konponbideak merkatuko liderrak direlako gaur egun. “Zenbait sektoretan bazen merkatua kontrolatzen zuen software pribatibo bat. “Big data”ren kasuan, software librea lehiatzaile indartsuenetako bat da. Apache Hadoop enpresaren konponbideak, hala nola banaketarako erabiltzen dugun Hortonworks sistema, merkatuko liderrak dira eta lehen mailako lehiatzaileak. Programazio-hizkuntzak eta estatistika softwarea oso ongi posizionatuta daude, eta lider bihurtu den proposamen bat sortu da. Ezin da “big data”rik egin software irekirik gabe. “Big data-ren iraultza ez da posible software irekirik gabe” baieztatu du Olmosek.

 

Etorkizunari begira, Zylk enpresak bulego bat ireki du Madrilen eta Estatuko merkatuan lehiatu nahi du bere produktuekin. Negozio-nitxo berberarekin jarraituko du, hau da, telekomunikazio, 4.0 industria, Hiri Adimendun eta eraikuntzako konpainientzako datuen kudeaketa eta analisiarekin. Era berean, “big data”ri buruzko prestakuntza espezifikoa emango du etorkizunean esparru horretan lan egingo duten langileentzat. “Prestakuntza eman nahi dugu “big data” arloko adituak sortzeko. Talentua erakartzeko gune bihurtu nahi dugu, jendeak gurekin kolaboratu dezan” esan du Zylk enpresako arduradunak.

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow