Oskook, 3D inprimaketa sormen gastronomikoaren munduan

19 April, 2016

Euskal ingeniari batek garatutako proiektu hau sektore profesionalari zuzenduta dago.

Jateko moduko muskuilu oskol bat, arrautzazko estalkiak inizialekin edo ekitaldi baterako bereziki pertsonalizatutako figurak; horrelakoak eta gehiago eraiki daitezke sukalderako Oskook 3D robotarekin, aukerak mugagabeak baitira. Iñaki Muñoz ingeniari bizkaitarra da ideia honen bultzatzailea, zeinaren helburua baita bero eta hotzeko prozesuei 3D inprimaketaren teknologiak aplikatzea.

Iñaki Muñozek azaldu duenez, “Oskook proiektuak bi elementu konbinatzen ditu: elikagaiak inprimatzeko 3D inprimagailuak eta labe nahiz izozkailu profesionalak; hala, plater bat egosi edo frijitu daiteke platera bera eraiki ahala” , “sukaldari profesional sortzaileentzat pentsatuta dago, jatetxe edo katerinetan erabil dezaten”.

Oskook ekimenaren sortzaileak “elikadura segurtasunarekiko obsesioa” azpimarratu du, izan ere, prozesu osoa zorrozki kontrolatzen da produktuen kalitatea bermatzeko, tenperatura, hezetasuna eta airearen osaera neurtzen direlarik robotaren barruan. “Oxigenoa kendu egin dugu produktuak herdoildu ez daitezen, 3D inprimaketa-prozesua motela da eta”.

Oskook ez da errezeta osoa prestatzeko robot bat; plateren osagarriak eta zatiak eraikitzeko balio du, eskuz egiteko zailak edo ezinezkoak diren zereginak egiten baititu. “Asmoa da sukaldariek eurek bilatu ditzatela erabilpen eta errezeta desberdinak eurak baitira adituak” adierazi du Muñozek. Dagoeneko prototipo funtzional bat garatu dute, eta orain 10 unitate produzitu nahi dituzte sukaldari profesionalek proba ditzaten. Hala, sukaldariek produktua fintzen lagunduko diete ikuspegi gastronomikotik.

Oskook startup gisa sortu zen Berriup zentroan; eta lau hilabetez ideia eboluzionatu dute negozio eredu zehatz bat sortzeraino, Donostiako haztegiko tutore taldearen laguntzarekin.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow