OpenMaker ekimenak industriaren eta maker-en arteko kolaborazioak babestuko ditu

6 September, 2017

Europako programa hori irailean aurkeztuko da Gipuzkoan eta Araban.

 

OpenMaker Europako Batzordeak bultzatutako ekimen bat da, helburutzat duena kolaborazio-ekosistema berri bat sortzea manufaktura enpresen eta maker komunitateen artean. Asmoa da onlineko eta offlineko konexioak sortzea eta, bide horretatik, produktu edo zerbitzu berrien sorkuntza sustatzea eta lan egiteko modu berritzaileak aurkitzea, 4.0 Industriaren zabalkuntzaren testuinguruan.

 

Programak Local Enabling Spaces izeneko lau gune izango ditu, Europako lurralde desberdinetan kokatuak, eta horietako bat Euskadin jarriko da martxan, Tecnaliaren koordinaziopean. Enpresa industrialen eta maker-en arteko lankidetza ahalbidetzeko, gune bakoitzak bost proiektu pilotu sortuko ditu eta finantzaketa eskuratuko du horiek garatzeko.

 

Deialdia beraizik zuzentzen zaie enpresa batek eta pertsona batek edo maker talde batek elkarrekin aurkeztutako ideiei, zeintzuek konponbidea emango bailiokete konpainiaren beharrei. Aukeratutako proposamen bakoitzak 20.000 euro jasoko ditu 8 eta 10 hilabeteko epean proiektua garatzeko, eta, horrezaz gain, OpenMaker programaren laguntza eta aholkularitza ere emango zaio. Proposamenak aurkezteko epea zabalik egongo da irailaren 18tik urriaren 18ra, eta interesatuta dauden manufaktura-enpresa, maker eta stakeholder guztiei zuzentzen zaie. Baldintza bakarra da aldez aurretik inskribatuta egotea proiektuaren onlineko komunitatean.

 

Irailaren amaieran, OpenMaker ekimenak jardunaldi bat egingo du proiektua aurkezteko. Hilaren 25ean izango da Donostian eta 26an Gasteizen, SPRI Taldeak koordinaturik Miramon Enpresa Digitalaren eta Araba Enpresa Digitalaren bitartez. Doako topaketa horietan emango dira ezagutzera deialdiaren oinarriak eta OpenMaker plataformak lankidetzarako eskaintzen dituen aukerak.

 

Bost prototipoak garatzeaz harago, OpenMaker programak beste jarduera batzuk antolatuko ditu komunitate osoarentzat –tailerrak, topaketak eta mintegiak-, konexioak sortzeko eta parte-hartzaileek antzeman dituzten premiei erantzuteko. Ekimenak 24 hilabete iraungo du eta prozesuaren emaitzak aztertzean, jardunbide egokien gidaliburu bat egingo da, Europan negozio-eredu berriak bultzatzeko.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow