Open Data Euskadi atariak bi lehiaketa jarriko ditu martxan datuen berrerabilpena sustatzeko

14 October, 2015

Open Data Euskadi-Eusko Jaurlaritzako datu irekien atariak bi lehiaketa jarriko ditu abian urrian, helburu honekin: bere datu multzoek zerbitzu, aplikazio eta produktu berriak sortzeko lehengai gisa duten potentziala ikusaraztea. Deialdietako bat ideientzat izango da eta bestea, berriz, berrerabilpen proiektu zehatzentzat. Bi kasuetan, parte hartzeko epea urriaren 22an zabalduko da.

Ideia lehiaketaren helburua da proposamen originalak aurkeztea zerbitzu, azterlan edo aplikazio bat sortzeko, oinarritzat hartuta Open Data Euskadi katalogotik ateratako edo Euskadi.eus atariko beste web bateko -irekitzea interesgarria izan daitekeena-  datu multzoak. Ideiek aukera dute datu horiek beste iturri publiko edo pribatu batzuetako datuekin konbinatzeko. Lehen sailkatuak 1.500 euroko saria jasoko du eta bigarrenak 1.000 eurokoa.

Bestalde, Datuen Berrerabilpen Lehiaketaren helburua da Open Data Euskadi katalogoko datuak erabiltzen dituzten zerbitzuak, azterlanak eta web aplikazioak sortzea, eta kasu honetan ere beste iturri batzuetako datuekin konbinatu ahal izango dira. Kasu honetan lehen saria 3.000 eurokoa izango da eta bigarrena 2.000 eurokoa.

Norbanakoek, taldeek, enpresek edo erakundeek parte har dezakete bi deialdietan. Open Data Euskadi atarian argitaratutako oinarriek diotenez, hauek izango dira balorazio-irizpide nagusiak: proposamenak konpondu nahi duen arazoa eta hartzaile potentzialen kopurua, bideragarritasuna, ekar ditzakeen onura sozial eta ekonomikoak, eta orijinaltasuna.  Sariketa Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Sailak antolatzen du Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren laguntzarekin.

Open Data Euskadi atarian 2.000 dataset baino gehiagoko katalogo bat dago, eta Eusko Jaurlaritzak datu publikoak berrerabiltzeko moduan eskaintzeko hartu zuen konpromisoaren emaitza da. Datuak irekitzeak hiru helburu nagusi ditu: balioa eta aberastasuna sortzea datuetatik eratorritako produktuak sortuz, helburu komertzialekin edo hain gabe; gardentasuna sustatzea kudeaketa publikoan; eta administrazio publiko desberdinen datuak erabiltzen dituzten zerbitzuen sorkuntza bultzatzea.

Open Data Euskadi atarian datu publikoak berrerabiliz sortu diren zenbait proiektu kontsultatu daitezke, zeintzuek argi erakusten baitute datuak irekitzeak zerbitzu edo aplikazio berriak sortzeko duen potentziala. Horien artean aipatzekoak dira, esaterako, kultur ekitaldien mapa, Kulturklik APIan oinarritua; Euskadi Costa y Olas aplikazioa, Lyra Ingeniería & Consultoría enpresak garatua, zeinak itsasoaren egoerari buruzko informazioa eta surf egiteko txoko onenen berri ematen baitu; eta Euskafarma, Euskadin zabalik dauden farmaziak aurkitzeko aplikazioa.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow