Mundu digitalarekin lotutako 4 ideia berri sartu dira Berriup-en

21 September, 2016

Berriup azelerazio programak aholkularitza eta finantzaketa eskaintzen die startup-ei.

 

Gazteentzat beraizik pentsatutako bidaia-bilaketarako motor bat; partikularren artean ordainketa seguruak egiteko plataforma bat; atzerrian ume-zaintzaileak bilatzeko zerbitzu bat eta oihal pertsonalizatuak inprimatzeko onlineko merkatu bat. Horiek dira Berriup azeleragailuak programaren hirugarren ediziorako aukeratu dituen lau proiektuak.

 

Berriup ekimena 4 hilabeteko azelerazio prozesu bat da, zeinaren bidez enpresa-proiektu bakoitzak laguntza eta finantzaketa jasotzen baitu tutorez eta adituz osatutako talde baten eskutik. Startup-ek 38.000 euro garbiko inbertsioa lortzen dute enpresako akzio portzentaje baten truke (%10). Horrez gain, lan-espazio bat ere eskaintzen zaie, programak dirauen 16 asteetarako. Asmoa da prozesuaren amaierarako baliozkotua izan dezatela beren negozio eredua, hasieratik integratuz nazioarteko ikuspegia, eta benetako salmentak izan ditzatela.

 

Seeusoon da Berriup programaren 3. edizioan parte hartuko duen startup-etako bat. Bidaiak bilatzeko motor bat da, bereziki gazteei zuzendua dagoena, zeinak hegaldi merkeak eskaintzen baititu, eta baita ere egonaldiak Airbnb plataformaren bidez. Beseif, bestalde, partikularren artean onlineko salerosketak segurtasun handiagoz egiteko onlineko plataforma bat da, iruzur asko baitago ingurune horretan.

 

Berriup-en parte hartuko dute beste proiektu hauek ere: Miss Babysitter, atzerrira bidaiatzen duten familiei konfiantzazko ume-zaintzaileen zerbitzuak eskaintzen dizkien enpresa; eta Waixo startup-a, oihalak estanpatzeko zerbitzuak ematen dituen plataforma, non diseinu pertsonalizatuak inprimatu baitaitezke digitalki, sostengarritasun ekologikoko irizpideak zainduz.

 

Berriup azelerazio programa hastapenetan dauden proiektu teknologiko berritzaileei zuzentzen zaie, hau da, nazioarteko bokazioa eta hazteko potentzial handia dutenei. Hiru euskal ekintzaileko talde bat (Pedro Muñoz-Baroja, Pablo Ayala eta Garikoitz Gastaminza) dago ekimen honen atzean, eta hainbat erakunderen laguntza du, besteak beste, hauena: Hazi+, Orkestra, Mondragon Team Academy, Adegi Ekintzaileen Foroa, eta Onura, Ingeteam eta Hasitago enpresak.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow