Mitzuli, hizkuntza gutxituentzako ahots eta kamera bidezko software libreko itzultzailea

22 May, 2015

UPV/EHUko lengoaia naturalaren prozesamendu arloko Mikel Artetxe ikerlariak sortu du Mitzuli proiektua. Android sistema eragilerako aplikazio mugikor honen bidez, audioak eta irudietako testuak itzul daitezke 20 hizkuntza baino gehiagotara. Aplikazioa doakoa da eta eskuragarri dago Google Play dendan. Mikel Artetxe garatzailearen ekimen pertsonal gisa sortu bazen ere, gaur egun Elhuyar Fundazioaren babesa dauka hedapen prozesurako.

Mitzuli aplikazioak badu beste itzultzaile batzuengandik bereizten duen ezaugarri nagusi bat, itzulpen aplikazio komertzialetan arreta gutxi jasotzen duten hizkuntza gutxituei zuzendua dagoela alegia. Aplikazioak hainbat hizkuntza gutxitu barne hartzen ditu, hala nola euskara, katalana, aragoiera, asturiera, galegoa, okzitanoa eta esperantoa, eta baita ere afrikaansa, kroaziera, hindia eta urdua. Guztira 50 itzulpen helbide eta 22 hizkuntza baino gehiago, eta asmoa da aurrerantzean kopuru horiek emendatzea.

Hauek dira Mitzuli aplikazioaren funtzionaltasun garrantzitsuenak: bata, ahots bidezko sarrera, hau da, erabiltzaileak telefonoko mikrofonoari hitz egin diezaioke eta aplikazioak aukeratutako hizkuntzara itzuliko du esandakoa; eta bestea, kamera bidezko itzulpena, zeinaren bidez, esaterako, kartelen edo egunkarien argazkiak atera baitaitezke eta testuak beste hizkuntza batera itzuli OCR (Karaktereen Errekonozimendu Optikoa) teknologiei esker. Aplikazioak ahots irteeraren aukera ere eskaintzen du, testua jomuga hizkuntzan nola ahoskatzen den jakiteko, eta offlineko modua ere badu, atzerrian erabili ahal izateko roaming tarifarik ordaindu beharrik gabe.

Mitzuli software librean oinarrituta dago, hala edonork egokitu, hobetu edo partekatu dezake. Gainera, proiektu honek abiapuntutzat dauzka aurretik egin diren itzultzaile libreak, besteak beste, Apertium eta Matxin, Abu-MaTran ekimen europarra, Tesseract kode irekiko OCR motorra eta irudien prozesamendurako OpenCV eta Leptonica liburutegi libreak.

Mikel Artetxe garatzailea Lengoaia Naturalaren Prozesamendu masterreko ikaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta itzulpen automatikoan espezializatutako zentro bereko IXA ikerketa taldean lan egiten du.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow