LibreCon ekitaldiak Big Data, IoT eta ziber-segurtasun arloetako nazioarteko adituak ekarriko ditu Bilbora

3 November, 2016

Kongresuan aztergai izango da nola aplikatu teknologia irekiak 4.0 Industrian eta finantzetan.

 

Bilbok berriro ostatatuko du software libreari eta teknologia irekiei buruzko Estatuko ekitaldi handiena: LibreCon. Kongresu horretara bilduko dira 600dik gora enpresa eta antolakundetako ordezkariak, eta 1.500 parte-hartzaile inguru. Software Librearen IV. Kongresu Nazionalean Industria Adimendun eta Open Finances sektoreetarako konponbide berritzaileenak aztertuko dira.

 

LibreCon ekitaldiaren helburu nagusia da ezagutzera ematea nolako potentziala duten software eta hardware libreak enpresentzako lehiakortasun eta berrikuntza motor gisa, eta bertaratu guztien artean partekatuko dira punta-puntako konpainiek abiarazi dituzten konponbideak eta estrategiak. Aurten kongresuak industriako eta finantzetako eraldaketa digitala izango du ardatz, eta prozesu horretako erronka garrantzitsuenak jorratuko dira.

 

80tik gora hitzaldi eta kasu arrakastatsu izango dira entzungai topaketan. Parte-hartzaileen artean aipatzekoak dira osoko hitzaldi bat emango duen Audrey Tang (Taiwaneko Ministro Digitala eta nazioarteko erreferentea software librearen eta datu irekien babesaren esparruetan) eta Chema Alonso (segurtasun informatikoko aditu ezaguna eta Telefónica enpresako datuen arduraduna). Horiez gain, hizlari ariko dira, besteak beste, Miguel Ángel Peces (Samsung enpresako Content Project Managerra) eta José María Fuster (Ecosistemas de Innovación Digitales enpresako zuzendari nagusia eta Santander Bankuko Berrikuntza arloko zuzendari nagusi ohia).

 

Bi egunez ikusgai egongo dira teknologia irekietan oinarritutako hainbat konponbide berritzaile, horietako batzuk euskal enpresenak (Erle Robotics eta Irizar), eta beste batzuk multinazionalenak (PayPal edota Airbus). Bankaren eta finantzen esparrutik BBVA, Fintonic eta Cripto-Pay konpainietako ordezkariak etorriko dira ekitaldira. Hitzaldi horietan hizpide hartuko dira Big Dataren analisirako, Gauzen Interneterako eta segurtasunerako konponbideak , betiere teknologia irekietan oinarrituak.

 

LibreCon ekitaldia azaroaren 22an eta 23an egingo da Euskalduna Jauregian, ASOLIFek (Software Libreko Enpresen Federazioa) eta ESLEk (Euskadiko Teknologia Libreko eta Ezagutza Irekiko Enpresen Elkartea) antolaturik. Kongresu horrek Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren laguntza du. LibreCon ekitaldian inskripzioa dohainik posible dira.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow