Lantegi Batuak-ek eta Elkargik enpresa proiektu berriak bultzako dituzte

23 June, 2016

Hitzarmenak helburutzat du ezgaitasunak dituzten pertsonentzako enplegua sortzea.

 

Lantegi Batuak antolakundeak eta Elkargi finantza erakundeak aliantza bat adostu dute negozio ideia berritzaileak dituzten ekintzaile eta startup-ei laguntzeko, hala bi erakundeen esperientzia eta baliabideak jasoko dituzte. Hitzarmenaren arabera, proiektuek bi baldintza bete behar dituzte: etorkizuneko potentziala izatea eta gai izatea ezgaitasuna duten pertsonentzako enplegua sortzeko.

 

Elkargi SGRk finantza aholkularitza eta aholkularitza pertsonalizatua emango dizkie proiektuei; Lantegi Batuak erakundeak, berriz, bere gaitasun teknikoa eta zentro-sarea produkzio, logistika edo merkaturatze prozesuetan balia ditzaten, eta baita ere prozesu industrialetan duen esperientzia. Lankidetza horren bitartez, bi erakundeek ekonomia sozialaren eredua indartu nahi dute eta frogatu nahi dute eredu hori eraginkorra dela ekonomikoki sostengarriak eta inklusiboak diren enpresa proiektuak sortzeko.

 

Euraslog enpresa bilbotarra da hitzarmen honen baitan sortutako lehen kasu arrakastatsua. Konpainiak autobus eta anbulantzietan haurrei eusteko lehen sistemak garatu ditu. Produktu horrek eskaera gorakorra du atzerrian eta enpresak finantzaketa arazoak izan ditu produkzio hazkundeari aurre egiteko. Elkargiren laguntzarekin, ordea, 2.000 unitate egiteko adinako kapitala lortu du, eta unitate horiek Lantegi Batuak-en Etxebarriko zentroan fabrikatuko dira. Etorkizunean kopuru hori zortzikoiztea espero da.

 

Lantegi Batuak-ek adierazi du proiektuak interesa piztu duela ekintzaile eta ETEen artean. Bi erakundeak hamar proiektu berri aztertzen ari dira eta uste dute hemendik gutxira itxiko dituztela akordioak. Elkargi irabazi asmorik gabeko finantza erakunde pribatu bat da, finantzaketa ematen duena ETE, autonomo eta ekintzaileentzat. Lantegi Batuak, berriz, ezgaitasunak dituzten pertsonen laneratzea sustatzeko erakunde bat da; Bizkaia da bere jarduera-esparrua, 25 zentro ditu eta zerbitzu-sare zabala, zeinaren bidez ezgaitasunen bat duten 2.600 lagun enplegatzen baititu.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow