“Teknologia ez da aski mundua aldatzeko”

1 June, 2016

SiG fundazioak berrikuntza sozialeko bere eredu transbertsal berria aurkeztu du Bilbon.

Social Innovation Generation 2007an sortutako erakunde kanadar bat da, eta bere helburua da berrikuntza soziala bultzatzea herrialdeko sektore guztietan. Fundazioaren bultzatzaileen esanetan, SiGen helburu nagusia da indarrak batzea Kanada “herrialde berritzaile” bihurtzeko, abiapuntutzat harturik konponbide berritzaileak behar direla erronka konplexuenentzat (langabezia, klima aldaketa, osasuna), baina konponbide horiek ezin direla bakarrik oinarritu teknologiaren eta enpresen ikuspegietan.

Bizkaiko Foru Aldundiak maiatzaren 31n antolatutako Berrikuntza Sozialaren 2. Jardunaldian parte hartu zuen SiG-ek, eta bere eredu transbertsala aurkeztu zuen. Fundazio hori lau antolakundek osatzen dute: J.W. McConnell Family Foundation, Waterloo Unibertsitatea, MaRS Discovery District eta Plan Institute. Plataforma gisa sortu zen berrikuntza soziala bultzatzeko, “lankidetzaren bidez emaitzak sortzeko lau antolakunde horiez harago” adierazi zuen Bilbon Tim Draimin fundazioko zuzendariak.

Bere hitzaldian azaldu zuenez, azken hamarkadetan berrikuntza sistema bat eraiki dugu oinarritzat harturik STEM arloak –zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikak- eta enpresen sektorea. Estrategia horren emaitzak berrikuntza disruptiboak izan dira, eta berrikuntza disruptiboak aipatzean batik bat Silicon Valley-ren irudia datorkigu burura. Dena den, SiGeko zuzendariak azpimarratu zuen gaur egungo erronka beste bat dela, alegia, berrikuntza sistema hori arlo sozialean txertatzea.

Topaketan izan zen baita ere Vinod Rajasekaran, SiGeko bazkidea eta I+G sozialean aditua Impact Hub nazioarteko sarean. Rajasekaran-en arabera, enpresa askok bereizi egiten dituzte arlo soziala eta arlo ekonomikoa, nahiz eta biek izan behar luketen I+G+Bren parte. Zentzu horretan, Social Innovation Generation erakundeak ekimen bat jarri du martxan I+G sozialeko estrategiak sustatzeko enpresa munduan, sektore anitzetako antolakundeak barne hartuz.

SiGeko arduradunek jardunaldian aurkeztu zituzten Kanadan berrikuntza soziala bultzatzeko gauzatzen ari diren proiektu batzuk. Horietako bat da Waterloo Unibertsitateak sortutako Canadian Index of Wellbeing. Biztanleriaren ongizatea BPGaz harago baloratzeko tresna bat da, hainbat irizpide erabiltzen dituelarik horretarako: hezkuntza, parte-hartze demokratikoa, osasuna eta denboraren erabilera, besteak beste. Registered Disabilities Saving Plan da Kanadako fundazioak bultzatutako beste proiektu bat. Plan Institute GKEak sortutako programa bat da, etorkizunerako aurrezki planak sortzen laguntzen diena ezgaitasunak dituzten pertsonei eta beren familiei.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow