Kwido proiektuak irabazi du Aging 2.0 lehiaketa

15 June, 2016

Ideable enpresak garatutako tele-laguntzarako plataforma San Frantziskon aurkeztuko da.

 

Aging 2.0 Global Startup Search nazioarteko txapelketak erabaki du Kwido Estatuko proiektu berritzaileena dela teknologiak eta zahartzea uztartzen dituzten ekimenen artean. Ideable Solutions euskal enpresak garatutako plataforma hori web aplikazioetan eta aplikazio mugikorretan oinarritutako zerbitzu bat da, zeintzuen xedea baita pertsona nagusien osasuna monitorizatzea eta beren bizi-kalitatea hobetzea.

 

Kwido plataformaren bereizgarrietako bat da batez ere zaintzaren esparruko antolakundeei –egoitzak, osasun zentroak, profesionalak eta aseguru etxeak- zuzendurik dagoela eta bezero bakoitzaren premien arabera pertsonalizatu daitekeen marka zuriko zerbitzu bat dela. Gainera, proiektu sendoa da, 3 urte baitaramatza merkatuan. Balore horiek guztiak azpimarratu ditu Aging 2.0 lehiaketako epaimahaiak Kwido proiektuari saria ematean. “Gure zerbitzua baliozkotuta eta nazioartekotuta dago” azaldu du Iñaki Bartolomék, Ideable Solutions enpresako zuzendari nagusiak, “gainera, B2Bra zuzendutako negozio eredu oso argia daukagu”.

 

Irabazitako sariari esker, lantaldea San Frantziskora joango da urrian, Aging 2.0 Optimize nazioarteko ekitaldian Kwido aurkezteko. “Saria garrantzitsua da oso, mapan kokatu gaituelako erreferentzia gisa eta geure burua aurkeztu ahal izango dugulako Estatu Batuetan, Hegoamerikarantz nazioartekotzeko prozesuan gauden honetan”, adierazi du Iñaki Bartolomék. Euskal enpresak akordio bat sinatuko du laster Mexiko, Kolonbia eta Argentinako zaintza arloko antolakundeekin, eta 2017an merkatu iparramerikarrean sartzea aztertzen ari da.

 

Bestalde, Kwido proiektuko lantaldeak zabaldu egin nahi ditu eskaintzen diren zerbitzuak, plataforma estimulazio kognitiboaren eta tele-kontsultaren esparruetako modulu berriekin hornitzeko. Azken ildo horren barruan, proiektu pilotu bat daukate martxan Murtziako Osasun Zerbitzuarekin, etxean egiten diren kontsulta medikoak zabaltzeko. “Tele-kontsulta izan da eskaera handiena piztu duen zerbitzua, batez ere Hegoamerikan, tresna paregabea delako medikuen kontsultak zabaltzeko eta urrun dauden pazienteei arreta emateko” esan du Bartolomék.

 

Pazienteak eta pertsona nagusiak zaintzeko eta monitorizatzeko Kwido plataforma pertsonalizagarriak iaz hasi zuen Europara nazioartekotzeko prozesua. Hainbat funtzionaltasun ditu, hala nola, osasunaren jarraipena egiteko aplikazioak, estimulazio kognitiborako jarduerak, tratamendu farmakologikoetara atxikitzea, edota senitartekoekin eta profesionalekin harremanetan egotea bideo-deien bidez.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow