Goieki agentziak Goierriko enpresa-ekimen onenak saritu ditu

26 July, 2016

Fashion Olé onlineko komunitatea eta Aizkorpe enpresa izan dira irabazleak.

 

Goierriko Enpresen Garapenerako Agentziak Enpresa Proiektuen XIX. Lehiaketako sariak banatu ditu. Lehiaketa horren helburua da espiritu ekintzailea eta ideia berritzaileen garapena babestea Goierriko eskualdean. Bi kategoriatako sariak banatu dira: proiektu sortu berririk onenarena eta enpresa barruko berrikuntzarena.

 

Modari buruzko Fashion Olék irabazi du lehen kategoria. Dendak eta markak, blogari adituak eta erabiltzaileak konektatzen dituen plataforma bat da. Bere helburua da modan espezializatutako komunitate bat sortzea, erabiltzaileek look-ak aurkitu eta inguruko dendetan jar ditzaten, erakusleiho bat eskaintzea txikizkariei, eta aukera ematea fashioner eta blogariei beren ezagutza monetizatzeko.

 

Aitor Martínez ekintzaile beasaindarrak sortu du ekimena, eta dagoeneko 250 fashioner eta 800dik gora look daude plataforman. Goieki sariari esker 6.000 euro eskuratu dituzte enpresa proiektua bultzatzeko eta, gainera, aukera dute Goierriko enpresa zentroan kokatzeko.

 

Lehiaketako bigarren kategoriak berrikuntza sustatzen du Goierriko ETEen barruan, eta lehendik dauden eta berrikuntza proiektu berriak -produktu nahiz prozesu arlokoak- sortzen dituzten enpresak saritzen ditu. Idiazabalgo Aizkorpe enpresa izan da 19. edizio honetako garailea kanpoko argiztapena neurtzeko Gonerlux sistema dinamikoari esker.

 

Ekintzailetza sustatzeko bere estrategiaren barnean, Goieki agentziak beste proiektu batzuk ere badauzka martxan, esaterako, gazteen artean ekintzailetza sustatzeko proiektu pilotu bat, Goierriko ikastetxe eta konpainien arteko lankidetzaren bidez garatzen dena. Duela 3 urte sortu zen ekimena, eta harrezkero, ikasturte bakoitzean, ikasleek inguruko enpresekin batera lan egiten dute, produktu edo zerbitzu formako ideia berriak sortzeko. Goierri Eskolak eta Lortek teknologi zentroak parte hartu dute aurten.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow