Gauzen Internetek, algoritmoek eta errealitate birtualak goitik behera aldatuko dute merkataritza elektronikoa

14 November, 2017

Txosten batean bildu dira adituek merkataritza elektronikoaren etorkizuneko joerei buruz dituzten iritziak.

Jada badira bi hamarkada Internet bidezko salmentak hasi zirela, baina azken urteotan joera hori gehiengo handi batengana zabaldu da. Fenomeno hori argi ikusten da txosten guztietan: 2011n euskal internauten %30 inguruk erosten zuten Interneten, 2016an, berriz, portzentaje hori %43tik gorakoa da. Azken urteotan baita ere ikusi da berrikuntza teknologikoek aldaketa garrantzitsuak eragin dituztela merkataritza elektronikoaren joko-arauetan.

Tendencias y retos del ecommerce 2017 txostenean oinarritzat hartu dira Webloyalty eta Comercial Global Payments (CaixaBank) erakundeek Bartzelonan antolatutako eCommerce Expert Aftwork Session ekitaldian hainbat adituri eginiko elkarrizketak. Azterlan horretan aipatzen dira nolako iritziak dituzten merkataritza elektronikoaren sektoreko profesionalek datozen urteetan sektorean eragin handiena izango duten aldaketei buruz.

Disrupzio potentzial handiko joera bat da algoritmoak erabiltzea erabakiak hartzeko. Zentzu horretan, elkarrizketatuen %60k uste dute hemendik aurrera ere pertsonek hartuko dituztela erabakiak, baina kudeaketako zeregin gehienak robotek egingo dituztela; %16ren iritziz, berriz, gizakiak anekdota hutsa izango dira erabakiak hartzeko prozesuetan. Bestalde, ia inkestatu guztiek (%92) uste dute ekonomia kolaboratiboa gero eta fenomeno garrantzitsuagoa izango dela merkataritza elektronikoaren sektorean.

Badira beste berrikuntza teknologiko batzuk, hala nola Gauzen Internet eta errealitate birtuala, eragina izango dutenak erosketak egiteko moduan. Adituen %72k uste dute makinak erosketa-erabakiak hartzen hasiko direla algoritmoetan oinarriturik (garbigailuak berak erabakiko du garbigarria erosi behar den adibidez), eta ia %70ek pentsatzen dute errealitate birtualak eta handituak paper garrantzitsua izango dutela onlineko salmenta prozesuetan. 3D inprimaketak eta produktuen birtualizazioak ere badute joko-arauak erradikalki aldatzeko potentziala, aukera emango baitiete kontsumitzaileei ondasunak etxean edo etxe inguruan inprimatzeko. Inkestatutako adituen %64k diote teknologia horrek inpaktu garrantzitsua izango duela datozen urteetan.

Azkenik, Tendencias y retos del ecommerce 2017 txostenak dioen bezala, datozen urteetan orobat aldatuko dira segurtasuna bermatzeko ordainketa bideak. %44k uste dute aurrera egingo dugula egiaztaketa biometrikoetan oinarritutako eredu baterantz, eta %28k pentsatzen dute segurtasuna handituko dela blockchain erabilita. Bestalde, inkestatutako adituen %20k bakarrik pentsatzen dute egungo plataforma bidezko ordainketa badela nahikoa konponbide.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow