Fabrikazio aditiboa industrian kostuak murrizteko

29 June, 2017

Mizar Additive Manufacturing konpainia arabarrak sektore aeroespazialerako, medikuntzarako eta industriarako osagaiak ekoizten ditu 3D inprimaketako teknologia aurreratuen laguntzaz

 

2014ean sortu zenez geroztik, fabrikazio aditiboan jardun eta Alcor Taldeari atxikita dagoen Mizar Additive Manufacturing enpresa arabarrak etengabeko ahalegina egin du I+G-aren arloan, konpainiaren jarduera 4.0 Industria delakora bideratuz eta sektore aeroespazialari, medikuntzari eta industriari zuzendutako soluzio aurreratuak eskainiz.

 

Material plastikoaren gainjartzea bezalako fabrikazio aditiboko teknologien laguntzaz, Miñaon egoitza duen konpainiak enpresei zuzendutako era guztietako osagai plastiko eta metalikoen nahierako diseinuan eta ekoizpenean espezializatutako zerbitzua eskaintzen du hasiera-hasieratik.

 

“Hiru dira fabrikazio aditiboaren abantaila nagusiak: malgutasuna, erreproduzi daitezkeen formei dagokienez; bezeroei soluzioak eskaintzeko azkartasuna, eredu digitaletik amaierako piezara zuzen-zuzenean abiatuz, eta azkenik, kostu orokorretako aurrezkia, materiala behar den lekuetan baino ez erabiliz”, adierazi du Jon Ander Goyenechea Mizarreko zuzendari kudeatzaileak.

 

Sektore aeroespazialean, fabrikazio aditiboak arintasun handiko osagaiak gauzatzeko aukera ematen dio Mizarri; adibidez, muntaketarako tresnak, saiakuntzetarako prototipoak edota amaierako piezak. Berrikitan, euskal enpresak esparru honetan lortutako azken berrikuntzak erakutsi zituen Bilbon, Addit3D azokaren barruan, hala nola, teknologia aditiboaren laguntzaz Karten Space start-up arabarrarerako fabrikatu dituen nanosatelite batzuen modelo estrukturalak. Mizarren teknologiak ekipoak denbora-tarte laburragoan eta ohiko sateliteak baino kostu txikiagoan diseinatu eta ekoiztea ahalbidetzen du.

 

Fabrikazio aditiboaren abantailak medikuntza sektorean ere aplika daitezke. Esparru honetan, Mizarrek paziente bakoitzari egokitutako soluzio pertsonalizatuak eskaintzen ditu: protesiak, neurrira egindako inplanteak zein modelo anatomiko pertsonalizatuak. Industria arloan, Mizarrek automobilgintzarako zein injekziorako balio erantsi handiko osagaiak eskaintzen ditu nagusiki, besteak beste.

 

Etorkizunean ere, Mizarrek espezializatzen jarraituko du fabrikazio aditiboaren erronketara egokitzeko. “Hauexek dira gerora begiradauzkagun erronka nagusiak: apurka-apurka gero eta tamaina handiagoko osagaiak fabrikatzea, fabrikazio-prozesuak azkarragoak eta kostuetan lehiakorragoak izatea, eta fabrikazio aditiboaren aplikazioa material gehiagotara hedatzea”, ziurtatu du Goyenecheak.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow