WeLive eta IES Cities, Hiri Adimendunerako bi proiektu, Euskaditik koordinatuta daudenak

6 July, 2015

Deustuko Unibertsitateak eta Tecnalia Research & Innovation erakundeak lankidetza akordio berri bat sinatu dute ikerketa bateratua eta enpresa eta erakundeen arteko lankidetza sustatzeko, bereziki IKTekin lotutako proiektuetan. Akordio horrekin unibertsitateak eta ikerketa zentroak berritu egin dute 2012an adostua zuten hitzarmena, zeinaren helburu nagusia baita ikerketa bateratua bultzatzea sektore teknologiko gorakorretan.

Akordioa sinatzeko ekitaldian Europako bi proiektu aurkeztu ziren, dagoeneko martxan daudenak eta hizpide dugun lankidetzaren emaitza direnak: WeLive ekimena eta IES Cities plataforma teknologiko irekia, biak hala biak Europar Batasunak ko-finantzatuak eta Tecnalia zentroak koordinatuak. Ikuspegi desberdinak izan arren, bi proiektuek helburutzat dute datu irekietan oinarritutako aplikazio mugikorrak garatzea, bide horretatik, berrikuntza sustatzeko eta aurrera egiteko hiri sostengarriagoak lortzeko bidean.

WeLive ekimena Horizontea 2020 programaren barruko proiektu bat da, zeinaren helburua baita zerbitzu publiko pertsonalizatuak garatzea hiritarrekin ko-sortutako aplikazio mugikorren bitartez. Proiektu honetan Espainia, Italia, Finlandia eta Serbiako erakundeek, enpresek eta ikerketa taldeek parte hartzen dute, datu irekietan oinarritutako azpiegitura teknologiko bat sortzeko. Azpiegitura horren bidez hiritarrek eta administrazio publikoek aukera izango dute beren premiak adierazteko eta ideiak proposatzeko zerbitzu publikoen esparruan. Hortik abiatuta, enpresek eta ikerketa zentroek aplikazio berriak garatu ahal izango dituzte datu base publikoak erabiliz.  Estatu mailan ekimenak hainbat bazkide ditu, hala nola Tecnalia, Deustuko Unibertsitatea, Bilboko Udala eta EuroHelp Consulting aholkularitza bizkaitarra.

Bigarren proiektuak, IES Cities izenekoak, hiriek sortzen dituzten datuak aprobetxatzen ditu hiriguneko erronka handiei erantzuna emango dieten zerbitzu berriak garatzeko: mugikortasuna, ingurumena, energia, osasuna eta, besteak beste, turismoa. Ekimen horren bidez hiriko aplikazio mugikorrez osatutako ekosistema bat sortuko da, eta aplikazio horiek aprobetxatu egingo dituzte datu publikoak eta hiritarrek  smartphone bidez sortutako informazioa. Horretarako, proiektu pilotuak jarri dira martxan lau hiritan: Bristol, Rovereto, Zaragoza eta Majadahondan, hain zuzen. Horietako bakoitzean lau aplikazio garatuko dituzte eta plataforma ireki batean jarriko dituzte, enpresek eta administrazio publikoak erabil ditzaten. IES Cities partzuergoan Britainia Handiko, Alemaniako, Espainiako, Italiako eta Esloveniako 12 bazkide daude.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow