Teknologiek eta musikaren industriak bat egingo dute BIME Pro kongresuan negozio-eredu berriak bultzatzeko

13 October, 2015

Industria musikal eta sortzaileen BIME Pro kongresua motorrak berotzen ari da, hurrengo edizioa urriaren 28tik 30era izango baita BECen. Topaketa horren helburua da negozio-aukera berriak sortzea industria musikala eta teknologia digitalak uztartuz. Bertan elkartuko dira bi sektoreetako adituak, profesionalak, ekintzaileak eta startup-ak, hitzaldiz, tailerrez eta networkingerako espazioz betetako egitarau zabalaz gozatzeko.

Jardunaldietan 90 hizlari baino gehiago ariko dira jarduera desberdinetan. Hitzaldien egitarauaren barruan aipatzekoak dira musika industriako adituekin egingo diren “A conversation with” saioak, sorkuntza sektorearekin lotutako joera teknologiko berriei buruzko Music Future Talks hitzaldi laburrak eta Latinoamerika, Alemania eta Frantziako merkatuetako aukerei buruzko mahai-inguruak.

Aurreko edizioetan legez, aurtengo BIME Pro kongresuan ere ekitaldi bereziak antolatuko dituzte. Urriaren 30ean BIME Start Summit egingo da, oinarri teknologikoko enpresa berrientzako lehiaketa. Finalera pasatzen diren zortzi startup-ek beren proiektuak aurkeztu ahal izango dituzte inbertitzaile eta musika industriako agenteen aurrean. Itxita dago lehiaketan izena emateko epea, eta topaketan hizlari arituko dira arrakasta izan duten ekintzaile teknologikoak. Iaz Blackbinder startup nafarrak irabazi zuen, partiturak bistaratu eta kudeatzeko aplikazio batekin.

Urriaren 30etik 31ra Hack Day topaketa teknologikoa antolatuko da, non 24 orduko hackatoi bat egingo baita, proiektuen garapenean erlojupean lan egingo duten diziplina anitzeko taldeekin. Jarduera berezi horietako bat Topaketa Juridikoa da. Aurtengo edizioan aztertuko dira zeintzuk diren musika kontsumitzeko eredu berriak eta nola kudeatzen diren plataforma horietan artisten eskubideak. Aurten berriro egingo da Jaialdien Kongresua BIME Pro kongresuaren barruan. Espazio horretan, musika ekitaldi handien antolakuntzaz eta babesletzaz eztabaidatuko dute Estatuko jaialdi garrantzitsuenetako ordezkariekin.

BIME Pro ekitaldia BIME topaketaren barruan egingo da, zeinak musika jaialdi bat ere barne hartuko baitu  urriaren 30ean eta 31n BEC kongresu-zentroan. Aurtengoa BIME Kongresu eta Jaialdiaren hirugarren edizioa da, eta Last Tour International erakundeak eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatzen dute Eusko Jaurlaritzaren (SPRIren bitartez) eta Kultura eta Kirol Ministerioaren laguntzarekin.

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow