Teknologiak hiritar adimendunen zerbitzura

16 July, 2015

Azken urteotan asko hedatu dira “smart city” etiketa pean sailkatutako teknologiak, hau da, hiriari aplikatuz mugikortasuna, energia kontsumoa edo hiriko baliabideak eraginkortasun handiagoz kudeatzeko aukera ematen duten konponbideak. Hala ere, eta NESTA berrikuntza agentzia britainiarreko zuzendari Geoff Mulgan-ek dioen bezala, “hiri adimendunen” goraldiarekin batera zenbait ideia ere zabaldu dira jendearen benetako premietan baino potentzial teknologikoan zentratuago daudenak eta konponbide garesti eta gaindimentsionatuak sortu dituztenak. Horregatik, duela denbora batetik hona, hiri adimendunaren kontzeptua beste ekimen batzuetarantz lerratzen ari da, eta baita ere aplikatzen da kostu baxuko teknologia irekien belaunaldi berria eta hiritarrek ezagutza biltzeko eta sortzeko duten ahalmena konbinatzen duten ekimenetan.

NESTAk Nazio Batuetako Garapen Programaren eta Intel enpresaren laguntzarekin argitaratu du Rethinking smart cities from the ground up txostena, zeinak behetik goranzko ikuspegi hori hartzen baitu oinarritzat. Azterlanak dioenez, hiri adimendunen etorkizuna ezin da bakarrik oinarritu konponbide teknologikoetan, aprobetxatu egin behar ditu baita ere adimen kolektiboaren potentziala eta hiritarrek ezagutza sortzeko duten gaitasuna.

Joera horren adibide bat da datu bilketa eta mapa sorkuntza kolektiboa. Hardwarea eta sentsoreak askoz merkeagoak direnez, hainbat low cost ekipo sortu dira, esaterako, Smart Citizen Kit, zeintzuei esker posible baita ingurumenari buruzko datuak biltzea eta kutsadurari buruzko mapak denbora errealean sortzea. Gainera, smartphone-en hedapenari esker hiritarrek datu baliagarriak bildu ditzakete komunitatearekin partekatzeko, eta horren adibide ugari daude: FixMyStreet motako plataformak edota espazioen irisgarritasunari buruzko mapak eskaintzen dituen Wheelmap gisako espazioak.

Teknologia digitalek, bestalde, aukera ematen diete hiritarrei erabaki publikoak hartzeko prozesuetan inplikatzeko eta posible egiten dute baita ere proposamenak biltzeko onlineko espazioak sortzeko. Reykjaviken, esaterako, udalak web orri bat sortu zuen hiritarrek proposamenak egin zitzaten eta ideiak eztabaidatu eta bozkatu zitzaten; babes handiena jasotzen dutenak hilean behin helarazten zaizkio udalari. Bestalde, ekonomia kolaboratiboaren bitartez, herritarrek aukera dute beren burua antolatzeko eta hiriko baliabideak eraginkortasun handiagoz kudeatzeko. Zentzu horretan, badaude autoa partekatzeko edo bizilagunen artean objektuak trukatzeko plataformak eta baita ere Colour+City gisako espazioak. Colour+City-k, esaterako, harremanetan jartzen ditu dekoratzeko horma hutsak dituen jendea eta hiriko artistak.

NESTAk eginiko argitalpen horretan hainbat gomendio aipatzen dira, hiriek ahalik eta probetxu handiena atera diezaieten berrikuntza teknologikoa eta soziala konbinatzen dituzten baliabide horiei. Besteak beste, proposatzen da berrikuntzako laborategi zibikoak sortzea hiritarrek horrelako teknologiak ulertu eta erabiltzen ikas dezaten, datuak eta plataforma irekiak erabiltzea ezagutza kolektiboa sustatzeko eta monitorizazio, mapatze eta ekintza kolektiboaren arloetan dauden ekimenak bultzatzea, “jende adimendunean inbertitzeko eta ez soilik teknologia adimendunean”.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow