Mondragon Unibertsitateak bat egin du hezkuntza irekiarekin bi MOOC ikastaro eskainiz

2 September, 2015

MOOC –Massive Open Online Courses- ereduak IKTekin eta Informazio Gizartearekin lotutako  hezkuntza arloko joera bati erantzuten dio, Interneti esker posible delako kalitatezko hezkuntza edukiak eskuratzea edozein tokitatik eta sarean lan egitea adituekin edo interes berberak dituzten beste pertsona batzuekin, inolako hesi geografikorik gabe. Denbora batetik hona, gero eta gehiago dira ekimen honekin bat egin duten mundu osoko unibertsitateak edo goi-mailako hezkuntza zentroak, zeintzuek MOOC ikastaro propioak sortu baitituzte komunitate osoari eskaintzeko.

Mondragon Unibertsitateak ere hezkuntza eredu horretan parte hartzea erabaki du, eta horregatik MOOC formatuko bi ikastaro jarriko ditu martxan irailean. Hau da, ikastaro irekiak dira, doakoak, masiboak eta Internet bidez egin ahal izango direnak. Hezkuntza zentroak “Hacking etikoa eta segurtasun informatikoa” eta “Kooperatibak kudeatzeko giltzarriak, Mondragon esperientzia” izeneko ikastaroak sortu ditu. Ezagutza horiek barneratu nahi dituen edonork eman dezake izena bi ikastaro horietan.

Hacking etikoaren ikastaroan ikasleek hacking teknikak eta baliabide informatikoen ahulguneak ezagutuko dituzte eraginkortasunez babesten ikasteko, eta hackerren dimentsio etikoa ere landuko dute. MOOC hori lau astekoa izango da eta ikaskuntza praktikoan eta jokoan oinarrituko da, hau da, ikasle taldeek zerbitzu informatikoak babesten ikasiko dute testuinguru erreal bat irudikatuz.

Mondragon Unibertsitatearen bigarren ikastaroan, “Kooperatiboen kudeaketarako giltzarriak” izenekoan, ekonomia sozial eta solidarioa landuko da eta baita ere kooperatibek marko horretan duten papera. Parte-hartzaileei giltzarri batzuk emango zaizkie antolakunde sozialak eraginkortasunez kudeatzeko, kooperatibismoak eraldaketa sozialeko prozesuetan duen garrantzia ezagutzeko eta Mondragonek bere historian zehar izan duen esperientzia aztertzeko.

Bi prestakuntza eskaintza berri horiek erabat online egingo dira, EdX plataformaren bitartez. Espazio hori Harvard unibertsitateak eta MITek bultzatu zuten 2012an tresna digitalekin esperimentatzeko eta, bide horretatik, unibertsitate ospetsuenek doako ikastaroak eskain zitzaten dohainik eta parte-hartzaile kopurua mugatu beharrik gabe. Lau urteren buruan mundu osoko hezkuntza zentroetako 500 ikastaro baino gehiago daude plataforman.

Euskal Herriko Unibertsitateak aurtengo otsailean egin zuen bat ikaskuntza eredu honekin, eta orduan hasi zen bere lehenengo MOOC ikastaroak eskaintzen. Aurtengo irailean eta urrian hiru prestakuntza eskaintza dauzka Miríada X plataforman: “Pentsamendu konputazionala eskolan”, “Haurren asma, XXI. mendeko epidemia”, eta “Erantzukizun soziala eta sostengarritasun memoriak”.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow