Bideojokoaren industria, ekonomia digitalean gehien hazten ari den sektoreetako bat

15 July, 2015

2014an bideojokoek 412,4 milioi euro sortu zituzten Estatuan, aurreko urtean baino %31 gehiago, eta sektorearekin lotutako 70 enpresa berri inguru sortu ziren. Zifra horiek Bideojokoen Garapenari buruzko Espainiako 2015eko Liburu Zurian jasota daude, eta argi erakusten dute bideojokoen industria gorantz doala eta datozen urteetan ere hazten jarraituko duela, %24,7ko urteroko tasa mantenduz 2018ra arte.

Bideojokoak eta Entretenimenduko Softwarea Produzitzen eta Garatzen duten Enpresen Espainiako Elkarteak uztailaren 13an aurkeztu zuen argitalpen hori, eta sektorearekin lotutako 200 enpresa eta erakunderen laguntza izan du datuak biltzeko. Txostenak Estatuko bideojoko industriaren erradiografia bat ere egiten du, non argi ikusten baita startup eta enpresa txiki oso berritzaileak direla nagusi. Estudio gehienek 5 urte baino gutxiago dituzte, eta %50ak 5 langile baino gutxiago ditu. Finantzaketari dagokionez, %93 Estatu mailako kapitalekoa da, eta esportazioa da  diru-sarrera iturri nagusietako bat, izan ere salmenten %56 nazioarteko merkatuetan egiten dira.

Errealitate birtuala eta gamifikazioa, joera nagusiak

Liburu Zuriak dio errealitate birtuala dela datozen hiru urteetan garatzeko potentzial handiena duen esparruetako bat. Teknologia murgiltzaile horien bidez erabiltzaileek ingurune birtual batean daudela sentitzen dute. Lehen garapenak duela 20 urte baino gehiago sortu ziren arren, orain hasi da azaleratzen teknologia horren potentziala, hazi egin direlako gaitasun konputazionala eta edukien garapena. Txostenaren arabera, 2018an 170 milioi lagun inguruk erabiliko dituzte errealitate handituko dispositiboak eta aplikazioak, eta industria horrek 9.000 milioi dolar baino gehiago sortuko ditu.

Argitalpenak jasotzen duen beste joera bat gamifikazioarena da, zeinak jolasaren mekanikak erabiltzen baititu ingurune ez ludikoetan motibazioa eta leialtzea indartzeko. Gaur egun marketin, teknologia eta beste sektore batzuetako arduradunen %82k baino gehiagok ezagutzen dute terminoa, eta uste dute baliagarri izango zaiela bezeroak atzemateko eta leialtzeko. Gamifikazioak 420 milioi euro inguruko fakturazio globala sortu zuen 2013an eta, aurreikuspenen arabera, 2018rako 5.500 milioira iritsiko da, izan ere ordurako teknika hauek ia ezinbestekoak izango baitira edozein leialtze sistematan.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow