Euskadiko etxeak eta enpresak Europako batez bestekoaren gainetik daude IKT arloko ekipamenduetan

14 January, 2015

16 eta 74 urte bitarteko kideak dituzten Euskadiko familien ia %76k Interneterako konexioa du, eta etxeen %95,8k sakelako telefonoren bat du. Enpresei dagokienez, %81ak Interneterako sarbidea du eta zifra hori %97,5era iristen da 10 langile edo gehiago dituzten enpresen artean. Nonahiko konektagarritasuna gero eta hedatuago dago eramangarriei eta sakelako adimendunei esker.


2014an zehar handitu egin da IKTen eta teknologia horiekin lotutako ekipamenduen hedapena Euskadiko etxeetan eta enpresetan, portzentaje gehienak EB-28ko batez bestekoen gainetik daudelarik. Familien kasuan sakelako telefonoa dago lehen tokian, etxeen %93an txertaturik baitago. Iaz Interneterako konexio kopurua ere ugaritu egin zen eta gaur egun etxeen %75,9k badute Interneta. Gainera, seme-alabak dituzten familien kasuan %88,7koa da portzentajea.

Eustatek Informazio Gizartearen Panorama Euskadin 2014 argitalpenean jaso ditu datu horiek. Bertan ikus daiteke halaber gero eta gehiago hazten ari dela eramangarritasunaren joera, izan ere mahai gaineko ordenagailu kopurua murriztu egin da eramangarrien eta Internetera konektatutako dispositibo mugikorren mesedetan.

Enpresen kasuan ere, azken urteotako joerari jarraiki, hazi egin da IKT arloko ekipamendu maila. Konpainien %81,2k Interneterako sarbidea dute eta 10 langile edo gehiagoko enpresetan %97,5era iristen da portzentaje hori. Sektore industrialean sartu da gehien, eta atzetik jarraitzen diote zerbitzuek eta eraikuntzak. Eustatek argitaratutako txostenaren arabera, ordenagailua, Internet eta posta elektronikoa presentziaren gehienezko mugara iristen ari dira Euskadiko enpresa munduan, eta neurri txikiagoan izan arren, web orria duen enpresa kopurua ere ugaritu egin da; 2014an 10 langile edo gehiagoko 5 konpainiatik 4k baino apur bat gehiagok bazuen web orria.

Kontsumo elektronikoaren arloan, Internetera sarri konektatzen direnen %41,7k onlineko erosketaren bat edo beste egin zuen azken 3 hilabeteetan, nagusiki arropa eta kirola egiteko materiala edo bidaiak eta ostatua eta aisialdirako  eta etxerako produktuak. Eustaten argitalpenak erakusten du jendeak oro har segurtasunaren pertzepzio ona duela Internetez erosteko orduan, erosketaren bat egin zutenen %72,9k uste baitu salerosketa horiek oso edo nahiko seguruak direla. Beraz, ez erosteko arrazoi nagusia ez da mesfidantza, baizik eta nahiago izatea merkataritza konbentzionala.

Azkenik, datuek erakusten dute enpresen merkataritza elektronikoa oso gutxi garatu dela, euskal enpresen %5,2k baino ez baitute erabiltzen. Onlineko erosketen zifrak esanguratsuagoak dira, konpainien %19,7k eta enpresa industrialen %22,3k online erosten dutelako.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow