Foro Digitala 2015: narratiba berriak eta ikus-entzunezko edukien kontsumo berriak

10 September, 2015

Donostiako Sustapenak eta CC Donostia zinema jaialdiak Foro Digitala antolatu dute irailaren 18an, “Ikus-entzunezko produktuak banatzeko eta kontsumitzeko alternatibei buruzko topaketa” lelopean. Jardunaldi horretan mundu digitalak ikus-entzunezko edukiak sortzeko eta banatzeko eskaintzen dituen moduak aztertuko dituzte, esaterako: lizentzia libreak, dispositibo mugikorrentzat pentsatutako formatuak edo banaketa eredu berriak.

Telebistarako pentsatutako produkzio generalista handiez harago, Interneti esker alternatiba berriak sortu dira, zeintzuek ateak ireki baitizkiete ikus-entzunezko produktu berriei eta segmentatuagoa baina globalagoa den publikoarengana iristeko modu berriei. Jardunaldia Zuatzu enpresa parkeko Pi@ Eraikinean egingo da, eta batez ere ikus-entzunezko sektoreko enpresei, profesionalei eta agenteei zuzenduta dago.

Egitarauaren barruan lizentzia libreei buruzko hitzaldi bat dago, eta hitzaldi horretan azalduko dute lizentzia libreak tresna paregabea direla edukiak partekatzeko irizpide malguagoekin edo behintzat sortzaileen lehentasunetara egokituago daudenekin. Jorge Campanillas abokatua jabetza intelektualari buruzko araudiaz mintzatuko da, eta azalduko du nola aplikatzen diren Creative Commons gisako lizentziak ikus-entzunezkoen munduan.

Jardunaldian formatu berriak ere aztertuko dira, esaterako web-sailak, doku-webak edo film labur interaktiboak. Youtube bezalako plataformak eta sakelako edo tablet bidezko edukien kontsumoa hedatu direnetik, banaketa euskarri horietara egokitutako ikus-entzunezko produktu berriak agertu dira, zeintzuetan guztiz aldatzen baitira denborak eta istorioak kontatzeko erak. Debatearen atal honetan parte hartuko dute Youtube plataformarako edukietan espezializatutako 2btube produkzio-etxeko Alex Rodrigo sortzaileak eta Joan Planas zinemagileak, “España desde el bar” proiektuaren egileak.

Topaketaren azken zatian, eskaintza eta eskaera irizpide berrietan oinarritutako banaketa eta kontsumo ereduak aztertuko dira. Interneteko ikusleak eduki edo gai zehatz batzuekiko interesa partekatzen duten komunitate bihurtu dira, eta parte hartzeko prest egoten dira. Testuinguru horrek aukera ematen du banaketa plataforma espezializatuak eta sortzaile eta ikusleen arteko komunikazio kanal berriak sortzeko. Hitzaldian hainbat ekimen aurkeztuko dituzte, esaterako Love Streams, eduki digitalak banatzeko oinarri teknologikoko zerbitzuak sortzen dituen enpresa; ikus-entzunezko hedapen eta ikerketarako Plat.tv ataria; eta film independenteen  emanaldian espezializatutako Margenes.org plataforma.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow