Teknologia digitalek hezkuntzarako duten potentziala ikusgai Euskal Encounter-en

28 July, 2015

Ikasturte honetan Errenteriako IEFPS Don Bosco ikastetxeko ikasleak 3D inprimagailu batekin aritu dira lanean, eskuko protesiak egiteko. Eta ekainean Mexikoko landa eremu bateko baliabide gutxiko bi laguni bidali zizkieten. Ikasleek boluntario gisa parte hartu zuten nazioarteko Enabling the Future proiektu solidarioan. Plataforma horrek harremanetan jartzen ditu 3D inprimagailu bat duten pertsonak eta eskuko protesia behar duten baina halakorik lortu ezin dutenak. Carlos Lizarbe, IEFPS Don Bosco ikastetxeko irakaslea eta elektronika saileko burua Euskal Encounter ekitaldian izan zen, eta bertan azaldu zuen nolako potentziala daukan fabrikazio digitalak anputazioak jasan dituzten pertsonen premiei erantzuteko, zeren 3D inprimaketari eta open source-n eginiko diseinuei esker posible baita kostu baxuko protesi pertsonalizatuak ekoiztea.
Teknologia horiek hezkuntza tresna indartsua dira, ikasleek benetako ekimenak gauza ditzaketelako eduki kurrikular ugari landuz: ingeniaritza, matematikak, diseinua, proiektuen kudeaketa, taldeko lana, e.a. Ikastetxe honen kasua jar liteke adibide bezala, zeren irakasleak duela 3 urte hasi baitziren 3D inprimaketa sartzen hezkuntzako curriculumean. 2013an eurek bultzatu zuten lehen aldiz Ikaslab fabrikazio digitaleko laborategia, gaur egun 20 ikastetxe baino gehiagoko sare bihurtu dena.
Hezkuntzaren eta teknologia berrien arloan, Jesús Ángel Bravok parte hartu zuen, Camp Tecnológico ekimenaren bultzatzaile eta zuzendariak. Bravok bere hitzaldian aldarrikatu zuen robotika eta programazioa derrigorrezko ikasgaiak izan behar direla Lehen Hezkuntzatik hasita, horrela haurrek adin goiztiarretik ezagutuko dituztelako gero eta hurbilago dagoen etorkizunean nonahi aurkituko dituzten teknologiak.
Camp Tecnológico 2011n sortu zen Bilbon, zientziak eta teknologia modu dibertigarrian hurbiltzeko gazteei tailer ludikoen bidez. Programak harrera bikaina izan zuen hasieratik, eta edizioz edizio zabalduz joan da, gaur egun udalekuak eta eskolaz kanpoko jarduerak antolatzen dituztelarik EAEko hiru hiriburuetan, Nafarroan, Kantabrian, Katalunian, Madrilen eta Errioxan. Haur eta nerabeei zuzendutako tailer horietan bideojokoak eta aplikazio mugikorrak programatzen eta robotak eraikitzen ikasten dute besteak beste, eta diseinu digitala ere lantzen dute.
Euskal Encounter ekitaldia Barakaldoko BEC!-en egin zen uztailaren 23tik (osteguna) 26ra (igandea), eta 52 hitzaldi eta tailer antolatu zituzten guztira. Party teknologiko horretan 6.700 parte-hartzaile elkartu dira, eta 3 milioi informazio giga partekatu dituzte. Euskaltel Konekta erakundeak antolatu zuen topaketa Eusko Jaurlaritzaren (SPRIren bitartez) eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow