Europeana ekimenak 300 milioi eduki digitalizatu ditu Europako kultur ondarea irekitzeko

20 July, 2015

Europeana proiektua duela 5 urte sortu zen helburu batekin: Europako hiritarren ondare diren kultur edukiak irisgarri bihurtzea, sorkuntzarako, hezkuntzarako edo enpresa mundurako berrerabili ahal izateko. Denbora horretan, ekimenak 300 milioi objektu baino gehiago bildu ditu Europako 2.500 kultur erakundetatik (besteak beste, Bilboko liburutegien sare publikotik), direla liburuak, argazkiak, margolanak, audioak edo bideoak.

Europeana proiektuaren barruan digitalizatuko eduki guztiak ez dira Jabari Publikokoak, baina plataformak ahalik eta gehien sustatu nahi ditu lizentzia irekiak, eduki horiek edozein pertsona, erakunde edo enpresak kontsultatu, nahastu eta berrerabil ditzan. Izan ere, proiektuaren oinarrietako bat da ekonomia sortzailea bultzatzea ondare komuna baliabide gisa erabiliz. Europeana plataforman eduki horietan oinarritutako aplikazioen hainbat eredu daude, esaterako Zeitfenster, irudi historiko geo-kokatuak erakusten dituen errealitate handituko aplikazioa, edo Pathways, museo baten barruan ibilbide hezitzaileak sortzeko aukera ematen duena.

Dena den, digitalizatutako 300 milioi objektu horiek kultur ondare komunaren %10 baino ez dira. Horregatik, Europeana proiektuko lantaldeak 2015-2020 estrategia berria abiarazi du, kultur edukien irekiera bultzatzeko. Erakundez, ekintzaile teknologikoz, datu irekien arloko aktibistaz eta ikerlariz osatutako sare honek hainbat lehentasun ditu, besteak beste, plataforman partekatutako edukien kalitatea hobetzea eta bazkide eta arduradun politikoekin batera lan egitea, Europako kultur ondarea Jabari Publikoko lizentziekin digitalizatu dadin.

Halaber, Europeana proiektuaren barruan hainbat ekimen daude martxan, zeintzuen helburua baita Europako historia erakustea, eta horretarako, hiritarren -ez bakarrik erakunde handien- lekukotzak biltzea. Horregatik sortu dira, batetik, Europeana 1914-1918, Lehen Mundu Gerrarekin lotutako historia pertsonalen biltegi handiena, eta, bestetik, Europeana 1989, testu, argazki eta etxeko bideoen bitartez Berlineko harresiaren erorketaren inpaktua erakusten duena.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow