CityKeys proiektu europarrak smart city-en premiak identifikatzen ditu

22 September, 2015

Eurocities sareak bultzatutako CityKeys ekimenak txosten batean jaso ditu hiriek eta bertan bizi diren hiritar eta eragileek smart city-en inguruan dituzten premia garrantzitsuenak. Txostenaren helburua da lehentasunak detektatzea eta irizpideak zehaztea hiri adimendunen proiektuek Europa mailan duten inpaktua neurtzeko.

Azterlanak dioenez, smart city kontzeptuak igurikapen handiak sortzen ditu udal organismoen artean, bereziki eraginkortasun, sostengarritasun, hiritarren parte-hartze eta bizi-kalitatearen hobekuntza arloetan. Kontsultatutako Europako 20 hirien herenak dio martxan daukala esparru horretako proiekturen bat, batez ere IKTen, mugikortasunaren edota energia eraginkortasunaren arloan. “Zer da zuretzat smart city bat?” galdetzean erantzunaren ikuspegia ia erabat teknologikoa da.

Azterlan horretan inkestak egin zaizkie hiritarren eragile eta elkarteei, jakiteko zer den berentzat smart city bat eta zein diren esparru garrantzitsuenak hiri adimenduneranzko bidean. Zentzu horretan, hiru helburu nabarmendu dira: bizi-kalitatea hobetzea, hiritarrentzako zerbitzuak hobetzea eta lurralde berritzaile bat sortzea, lanpostu kualifikatu askorekin. Hala, hiritarren ustez hiri adimendun batek arazo sozial eta ekonomikoei erantzun behar die, eta enplegua sortu behar du. Hala ere, jende askok oraindik ez daki zer esan nahi duen smart city kontzeptuak. Inkestatuen laurdenak ez daki kontzeptua definitzen, eta %25ak baino gehiagok ez du ezagutzen halako proiekturik.

CityKeys ekimenaren bidez eginiko txostenak beste hainbat ondorio ere jaso ditu, esaterako, ez daukagula tresnarik hiri adimendunarekin lotutako ekimen bat inplementatzeko prozesuaren emaitzak neurtzeko. Inkestatutako hirien %11k bakarrik egin du neurketa globalen bat, eta %61ak berriz ez du inolako neurketarik egin. Dena den, egin nahi dituzte. Metropolien %72ak modu integralean ebaluatu nahi luke smart city estrategia eta proiektuek duten inpaktua, lehendik existitzen diren plataformekin bateragarria izango den tresna sinple bat erabiliz. Bestalde, inkestatutako hirien bi herenek dagoeneko modu irekian eskaintzen dituzte beren datuak berrerabili ahal izateko.

CityKeys proiektua Eurocities sareak bultzatzen du, zeina aurtengo otsailean sortu baitzen smart city konponbideen emaitzak neurtu eta alderatzeko balioko duen ebaluazio sistema bat garatzeko Europa mailan. Sarearen beste helburu batzuk dira datuak biltzeko gidak sortzea, hiri desberdinetan probatutako neurketa prototipo bat egitea eta gomendioak garatzea hirientzat nahiz enpresentzat, negozio aukera berriak identifika ditzaten. CityKeys proiektua Europar Batasunak finantzatzen du Horizontea 2020 programaren barruan, eta Rotterdam, Tampere, Viena, Zagreb eta Zaragoza hiriek parte hartzen dute bertan.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow