Mailegu digitaleko eLiburutegia zerbitzua Bilbo, Donostia eta Santurtzira zabalduko da

14 July, 2015

eLiburutegia, liburu digitalak mailegatzeko onlineko zerbitzua, Bilbora, Donostiara eta Santurtzira iritsiko da uztailean; hala, Irakurketako Euskal Sare Publikoa baliatzen duten 330.000 erabiltzailerenganaino hedatuko da. Datozen asteetan mailegu digitaleko zerbitzuak erabili nahi dituzten bazkideek nahikoa izango dute ohiko liburutegi publikora hurbiltzea eta erabiltzaile izena eta pasahitza eskuratzea zerbitzura sartu ahal izateko.
ELiburutegia iazko azaroan jarri zen martxan eta mailegu kopuruaren arabera ordaintzeko aukera ematen duen liburu mailegurako Estatuko lehen sistema bihurtu zen. Akordio horren bidez hainbat lizentzia erosi ziren, horietako bakoitzarekin 20 mailegu egin daitezkeelarik, eta agortutakoan berritu egin daitezke.
2014an Eusko Jaurlaritzak akordio bat adostu zuen editoreekin liburutegi-sare publikoan zerbitzu hau eskaintzen hasteko, eta gaur egun 97 editorialetako 7.000 izenburu digital inguru eskaintzen ditu, mailegatzeko prest daudenak eLiburutegia plataforman. Jaurlaritzak guztira 28.000 lizentzia eskuratu ditu, zeintzuei esker 560.000 mailegu egin baitaitezke eBook-etarako (6.400 liburu baino gehiago gaztelaniaz eta 500 euskaraz). Katalogo digitalean gainera ePub formatuan argitaratzen diren liburu guztiak daude, eta proiektuaren helburua da pixkanaka katalogo hori zabaltzea, urte honetan zehar 10.000 argitalpenetaraino iritsi arte.
Formatu digital berrietako irakurketa sustatzeaz gain, eLiburutegia zerbitzuak editorialei laguntzen die liburuen argitalpen digitaleranzko bidean, eta gainera Euskadiko liburutegi publikoetako arduradunak inplikatzen ditu katalogorako izenburuen aukeraketan, haiek baitira erabiltzaileen eskaerak ongien ezagutzen dituztenak. eLiburutegia plataformak garapen propioko teknologia du, zeinak zerbitzuaren autonomia bermatzen baitu aldaketak eta hobekuntzak txertatu ahal izateko.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow