CENTAC kongresuan irisgarritasun arloko teknologien azken joerak erakutsiko dira

20 July, 2015

Gaur egun ezintasunen bat duten 3 milioi eta erdi lagun baino gehiago daude Estatuan, eta NBEren esanetan, zifra hori 16 milioiraino haziko da 2050ean, batez ere biztanleriaren zahartzeak eraginda. Kopuru horien aurrean, IKTak funtsezko tresnak izan daitezke ezintasuna duten pertsonen bizitza hobetzeko eta gizartean osoki parte har dezaten laguntzeko. Horixe da, hain zuzen, CENTAC, Irisgarritasun Teknologien Zentro Nazionalaren lana. Erakunde publiko-pribatu horrek “denentzako diseinua” sustatzen du, hau da, beren gaitasunak gorabehera, pertsona guztientzako teknologia irisgarriak sortzea helburu duen ikuspegia.

CENTACek Bilboko Euskalduna Jauregian antolatuko du hurrengo Irisgarritasun Teknologien Kongresu Nazionala, azaroaren 5ean eta 6an. Topaketa horren helburua da pertsona guztientzako diseinuan oinarritutako teknologien garapena bultzatzea eta IKTen erabilera sustatzea irisgarritasun oztopoak gainditzeko.

CENTAC Kongresuaren 2015eko edizioan hainbat arlo landuko dituzte, besteak beste, hauek: osasuna, garraioa, turismoa, administrazio eta zerbitzu publikoak, enplegu digitala, merkataritza eta banka. Bertatik bertara aurkeztuko dira arlo horietako enpresa eta erakunde publikoek martxan jarritako proiektu berritzaileak eta I+G+B-ko estrategiak, zeintzuen helburua baita aurrera egitea irisgarritasun arloan teknologien bitartez. Gainera, aurtengo topaketak arreta berezia eskainiko die etorkizuneko proiekzio handiena duten joera teknologikoei: Gauzen Internet, Big Data, sektore industrialeko eta etxerako robotika, 3D inprimaketa esparru sozialean eta prestakuntzarako, osasunerako eta patologiak tratatzeko ingurune interaktiboak.

Topaketa doakoa da eta era askotako hartzaileei zuzendurik dago, besteak beste, IKTen arloko enpresei, teknologia berriekin lotutako profesionalei, eragile sozialei, administrazio publikoko ordezkariei edota irisgarritasunarekin lotutako berrikuntza teknologikoak ezagutu nahi dituztenei. Kongresu horrek Eusko Jaurlaritzaren (SPRIren bitartez), Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza du.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow