Denon Irekia ekimenak adimen ezgaitasuna duten pertsonen laneratzea bideratzen du

14 September, 2015

Denon Irekia ekimenaren helburua da gizartea eta batez ere enpresak sentsibilizatzea, ohartu daitezen zein garrantzitsua den lan-aukerak eskaintzea adimen ezgaitasuna, garuneko kalteak, buruko nahasteak edo autismoa duten pertsonei. Proiektu hori sustatzen dute Lehendakaritzak eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiken Sailak, FEVASekin-adimen ezgaitasuna duten pertsonen aldeko elkarteen euskal federazioarekin batera.

Denon Irekia ekimenak abiapuntutzat hartzen du desagerrarazi egin behar direla adimen ezgaitasuna edo nahaste mentala duten pertsonen laneratzea eragozten duten hesiak, bai hesi sozial eta kulturalak eta bai hesi fisikoak. Horregatik, kanpainaren helburu garrantzitsuenetako bat da enpresak kontzientziatzea pertsona horiek beren plantilletan integratu ditzaten; horretarako, beren potentzial guztia erakusten diete eta, gainera, azaltzen diete zein abantaila eskaintzen dituen indarreko legeriak ezgaitasunak dituzten pertsonen kontratazio prozesuetarako.

Proiektuak, bestalde, aholkularitza eta tresna digitalen bidezko prestakuntza ere eskaintzen ditu, eten digitala murrizteko eta adimen ezgaitasuna edo buruko nahastea duten pertsonen prestakuntzari, gaitasunei eta esperientzia profesionalari balioa emateko. Hala, aurtengo martxoan, apirilean eta maiatzean hainbat prestakuntza saio egin dira, eta parte-hartzaileek beren profil profesionala sortzen ikasi dute Linkedin sarean, enpresei beren gaitasunak erakusteko eta sare sozial horretan beste pertsona batzuekin harremanetan jartzeko.

Oraingoz 44 profil profesional sortu dituzte, eta adimen ezgaitasunaren esparruan lan egiten duten beste 14 euskal elkartek ere bat egin dute ekimenarekin, besteak beste hauek: Gureak, Lantegi Batuak, Apnabi, Down-Araba eta Gorabide.

Denon Irekia

[embed_blog_up_euskadi id=”1″]

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow