Gero eta gehiago erabiltzen dira sare sozialak eta Smartphone-ak albisteak kontsultatzeko

24 June, 2015

Maila globalean, Interneteko erabiltzaileen %46k sakelakotik kontsumitzen ditu eduki informatiboak gutxienez astean behin. 35 urtetik beherakoen erdiak, aldiz, smartphone-a erabiltzen du albisteak jasotzeko, bide tradizionalak eta ordenagailuak baino gehiago. Horra Oxfordeko Unibertsitateak eginiko Digital News Report 2015 txostenak jaso dituen joera garrantzitsuenetako batzuk. Albisteen kontsumoan beste aldaketa handi bat ere gertatu da, sare sozialek protagonismo handia hartu dutelako, paperezko egunkariak ere gaindituz informazio iturri bezala. Maila globalean, internauten %41ak gutxienez astean behin Facebook erabiltzen du informatzeko.

Reuters Institute for the Study of Journalism erakundeak bultzatutako txosten hori urtero egiten da, eta horretarako, 12 herrialdetako (Espainia barne) 20.000 Internet erabiltzaile inkestatzen ditu. Bestalde, Nafarroako Unibertsitateko Center for Internet Studies and Digital Life zentroak Estatuko datuak aztertzen ditu, eta hala, Espainiako internauten eduki informatiboen kontsumoari buruzko joera garrantzitsuenak erauzten ditu.

Edukiengatiko ordainketa sistema ez da guztiz zabaldu Estatuan, zeren 2014arekin alderatuta 3 puntu hazi den arren, Estatuko erabiltzaileen %11k bakarrik ordaindu du azken urtean hedabide digitaletatik informazioa eskuratzeko. Aldiz, ordaindu ez dutenen %17k uste du etorkizunean ziur aski ordainduko dutela. Zifra horiek emaitza globalen ildo beretik doaz, izan ere Britainia Handian %6 eta Finlandian %14 bakarrik dira azken urtean Internet bidez albisteak kontsumitzeagatik ordaindu dutenak.

Bada beste datu aipagarri bat, alegia, albisteak eskaintzen dituzten web eta aplikazio mugikorren erabilera hazi egin da, murriztu egin delarik telebistarekiko zuten aldea. Internauten %73k nahiago du oraindik telebista, baina web eta aplikazio mugikorren erabiltzaileak %64 dira. Espainian sare sozialek gainditu egin dituzte paperezko egunkariak, bereziki 25 urtetik beherakoen artean, Facebook, Twitter eta WhatsApp dituztelako informatzeko bide gustukoenak. Hedabideekiko konfiantzari dagokionez telebista da fidagarriena, baina oro har, Espainiako erabiltzaileek ez dute konfiantza handirik hedabideetan. %34k bakarrik uste du albiste gehienak sinesgarriak direla eta portzentaje hori baxuena da kontsultatu diren Europako 8 herrialdeen artean.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow