Babyduino eta The Open Shoes: maker kulturaren potentziala

16 June, 2015

Tabakalerak eta DSS2016-k bultzatutako Hirikilabs-teknologia sozialen laborategi hiritarrak How to Make topaketak antolatu ditu. Hileroko saio batzuk dira, ezagutzak eta proiektuak partekatzeko software eta hardware librearen, fabrikazio digitalaren eta oro har maker kulturarekin lotutako ekimenen inguruan.

Datorren ekainaren 18an beste bilera ireki bat egingo dute, eta bertan aurkeztuko dituzte  teknologia irekiak erabiliz artisautza digitalaren eta hiritarren jabekuntzaren kontzeptuak elkarrekin konbinatzen dituzten bi proiektu: The Open Shoes webgunea eta Babyduino. Gainera, bi proiektuek lortu zuten beren hasierako finantzaketa Innobasque-k eta GoteoEuskadi plataformak koordinatutako Crowdsasuna programaren barruko crowdfunding kanpainen bidez.

The Open Shoes proiektua Thopsh euskal enpresak bultzatutako ekimen bat da eta ongizate-oinetako modularrak garatzen ditu kode irekian. Asmoa da erraztasunak ematea jendeari gaixotasunak saihesten dituzten oinetako egokiak eskura ditzaten. Oinetako horiek 3D inprimagailuekin fabrikatu daitezkeen pieza modularren bidez diseinatzen dira, eta sortzaileek artxiboak irekiko dituzte beste pertsona batzuek erabili eta beren premietara egokitu ditzaten. Fiware programa europarraren barruko FABulous azeleragailuak aukeratu zuen The Open Shoes ekimena, eta hainbat hilabeteko lanaren ondoren, zola-arteko baten lehen prototipoa lortu dute. Lantaldea proiektuaren garapenean murgilduta dago, Fiware programaren hurrengo fasera igarotzeko. Hautaketa uztailaren hasieran egingo da eta gehienez Europa osoko 30 proiektu sartuko dira hurrengo finantzaketa eta laguntza fasean.

“How to Make – Artisau Berriak” topaketan Babyduino ere aurkeztuko dute, Social Sound euskal estudioak sortutako ekimena. Ekimen honen barruan hardware irekiko dispositibo bat fabrikatu dute haur jaioberrien ongizaterako datu biologikoak monitorizatzeko, hala nola tenperatura, arnasketa edo bihotzaren erritmoa. Hasierako ideia horretatik abiatuta lantaldeak lehen prototipo bat garatu du, aldatzeko eta berrerabiltzeko aukera eskaintzen duena. Social Sound estudioko Fabián Moralesek  azaldu duenez, “gure helburua ez da dispositibo bat sortzea, baizik eta prototipo bat, gero jendeak xafla hori hackeatu dezan eta aplikazio propioak sor ditzan, dela datu biometrikoak jasotzeko edo dela beste gauza batzuk eraikitzeko”, “aste gutxiren buruan mundu osoko 40 artista, programatzaile eta ingeniari baino gehiagoren posta elektronikoak jaso ditugu esanez garapenean parte hartu nahi dutela, beraz, lehenik eta behin komunitateari ireki nahi diogu Babyduino proiektua”. How to Make saioan web orri berri bat aurkeztuko dute, non Babyduino proiektuko artxiboak, softwarea eta aplikazio mugikorra argitaratuko baitituzte gero baliabide horiek edonork erabil ditzan.

Jardunaldiaren azken zatian Colaborabora plataformako Rosa Fernándezek hitzaldi bat emango du Crowd mugimenduan oinarritutako finantzaketa eredu alternatiboei buruz, eta bertan aztertuko dute nolako aukerak eskaintzen dituen crowdfunding-ak proiektuak finantzatzeko eta aholkuak eta esperientzia praktikoak ere partekatuko dituzte.

The Open Shoes

[embed_blog_up_euskadi id=”1″]

Babyduino

[embed_blog_up_euskadi id=”2″]

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow