Jardunaldia: Arrisku Kapitalaren egoera Euskadin

28 June, 2016

Jardunaldi horretan Venture Capitalaren aukerak eta oztopoak landuko dira.

Mondragon Korporazioko BACek eta Debagoienako Eskualde Garapenerako Agentziak hitzaldi bat antolatu dute datorren uztailaren 13an, Arrisku Kapitalak Euskadin bizi duen egoera aztertzeko. Jardunaldiaren helburua da dauden aukeren inguruan eztabaidatzea eta aztertzea nola erakarri daitekeen arrisku kapitaleko enpresen interesa estrategia publiko eta pribatuen bidez.

 

Euskadiko arrisku kapitalaren eszenatokian eragina duten hainbat gai landuko dira, esaterako, Eusko Jaurlaritzaren etorkizuneko funts publiko-pribatu berria eta arrisku kapitaleko formula publikoak berritzeko Europako Batzordearen gomendioa. Gainera, testuinguru horretan bi faktore uztartzen dira, batetik, enpresek finantzaketa eskuratzeko dituzten zailtasunak, eta, bestetik, inbertsio erakundeen eskaera, proiektu erakargarriak nahi baitituzte.

 

Gai horiek lantzeko, jardunaldian hainbat erakundek parte hartuko dute, besteak beste, hauek: Talde, arrisku kapitalaren kudeaketako talde pribatua; Orza zuzeneko inbertsioko erakundea; finantza korporatiboetan eta aholkularitza estrategikoan espezializatutako Albia Capital erakundea; Mondragon Fundazioa; eta SPRIren Euskadiko Arrisku Kapitalaren Kudeaketa sozietatea. Topaketan eztabaidagai izango dute nola eskuratu dezaketen ekintzaileek kapitala, nolako laguntza publikoa behar duten, eta nolakoak izan behar duten Venture Capital formula berriek erakargarri bihurtzeko.

 

Ekitaldia Garaia Berrikuntza Guneko ekitaldi aretoan egingo da, Arrasaten, “Arrisku kapitalaren egoera Euskadin” izenburupean. Izen-ematea posta elektroniko honen bidez egin daiteke: aorobengoa@iseamcc.net.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow