DeustoTech-ek Open Data Hack Day antolatu du Donostian

13 February, 2015

Otsailaren 20an Open Data Hack Day ekitaldiaren edizio berri bat egingo da Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean. Maratoi bat da, datu irekietan oinarrituriko aplikazioak sortzea helburu duena. Topaketa International Open Data Hackathon ekimen globalaren barruan kokatzen da.


Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza fakultateak Open Data Hack Day topaketa antolatu du Donostiako campusean. Garatzaileei, diseinatzaileei eta oro har datu irekien berrerabilpenean interesatuta dauden pertsonei zuzenduta dago. Asmoa da egun osoan zehar open data eta programazio zaleak elkartzea, dataset berriak irekitzeko eta datu irekiak erabiliko dituzten aplikazioak diseinatzeko. Topaketaren helburua da elkarri lotutako datu irekiek proiektu berriak (bistaratzeak, zerbitzuak eta gizartearentzat baliagarriak diren aplikazioak) sortzeko duten potentziala hedatzea.

Topaketa Donostian izango da, otsailaren 20an, eta egun osoz luzatuko daInternational Open Data Hackathon ekimenaren markoan. Deialdi horren bidez  urtero gonbidatzen dira hiritarrak aplikazioak garatu, datuak askatu eta bistaratzeak sortu ditzaten iturri publikoetako datuak erabiliz, eta  helburua da datuen irekiera sustatzea maila globalean.  Gainera, topaketetan lankidetza-sare berriak sortzen dira open data arloan interesatuta dauden pertsonen artean, eta enpresa, erakunde eta administrazio publikoei erakusten zaie zein baliagarri izan daitekeen datu publikoak irekitzea.

Open Data Hack Day ekitaldian parte hartzeko nahikoa da web orrira sartu eta izena ematea. Jardunaldiaren hasieran lantaldeak sortuko dituzte proiektu desberdinak garatzeko, eta bertaratuek aukera dute beren ideiak aldez aurretik proposatzeko topaketaren wiki-an. Aurreko urteetan Open Data Hack Day ekitaldiko lantaldeek hainbat proiektu garatu dituzte, esaterako, Hezkuntza Ministerioko doktoretza tesietako datu baseak (Teseo) bistaratzea, non informazioa urteka eta gaika azaltzen den eta gizon edo emakumeen arteko portzentajea ere agertzen den; edo Euskadiko estazio meteorologikoek kutsadurari buruz dituzten datuak eta enpresek beren isuriei buruz ematen dituztenak gurutzatzeko proposamena, egiazkoak diren jakiteko.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow