Decode, hiritarrei itzuliz datu pertsonalen indarra

18 October, 2017
Decode proiektuaren lehen txostena online dago.

Europako proiektu horrek hainbat tresna sortuko ditu datuak ondare komun bihurtzeko.

 

Interneten konektagarritasuna gure eguneroko bizitzara zabaldu da eta etengabe sortzen ditugu datu pertsonalak: non gauden, zer erosten dugun, zer gustatzen zaigun, eta baita ere nolako aldartea dugun. Halere, oso gardentasun gutxi dago informazio horren erabileraren inguruan, eta hiritarrek ez dute tresnarik jakiteko nor sartzen den beren datuetara.

 

Decode -Decentralised Citizen Owned Data Ecosystem- Europa mailako proiektu bat da, zeinaren helburua den jendeari informazio horren gaineko kontrola itzultzea, beren datu pertsonalak kudeatu ditzaten eta erabaki dezaten noiz eta nola partekatu nahi dituzten. Europa osoko 14 bazkidek bultzatu dute ekimena, besteak beste, teknologi eta ikerketa zentroek, unibertsitateek, fundazioek eta erakunde publikoek, eta Europako Batzordeak finantzatu du Horizontea 2020 estrategiaren barnean.

 

Proiektuaren baitan egin den lehen txostenak (“Me, my data and I, the future of the personal data economy”) dio datu pertsonalak direla ekonomia digitalaren motorra, horien gainean funtzionatzen baitute Interneteko erraldoi handiek (Google-k edo Facebook-ek adibidez). Beren zerbitzuak eta produktuak hobetzeko erabiltzen dituzte, erabiltzaileen portaeraren arabera pertsonalizatzen dituztelarik. Baina eszenatoki horrek bigarren mailako ondorio handi bi dakartza. Batetik, hiritarrek galdu egin dute beren datu pertsonalen gaineko kontrola. Bestetik, bada datuen berezko potentzial bat desaprobetxatzen ari garena, informazio hori guztia aztertzeak oso ezagutza baliagarria sor lezakeelako ondare komunerako, esaterako, ikerketa zientifikorako, zerbitzu publikoak hobetzeko edota berrikuntzarako.

 

Decode proiektuak tresna praktikoak garatu nahi ditu pertsonek aukera izan dezaten beren datuak gorde eta partekatzeko, baina, hori bai, eurek nahi dutenean. Horretarako, partzuergoak lau proiektu pilotu garatuko ditu datozen 2 urteetan Amsterdamen eta Bartzelonan, plataforma digitalak eta negozio-eredu alternatiboak sortzeko datu pertsonalak ondare komun gisa erabilita. Esperimentu horien emaitzak Europako Batzordeari aurkeztuko zaizkio, tresna teknologiko eta estrategia politiko zein legal bezala, beren bitartez aurrera egin dezagun datu pertsonalak erabiltzeko eta kudeatzeko ereduaren aldaketan.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow