Herrialde gorakorretan hazi egin da Interneten eta smartphone-n erabilera

5 May, 2016

Ekonomia gorakorren eta herrialde garatuen artean gero eta gehiago murrizten ari da teknologia digitalen etena.

Interneterako eta Smartphone-tarako eguneroko sarbidea nabarmen hazi da azken urteotan herrialde gorakorretan. Pew Research Center zentroak eginiko azterlan batek dioenez, ekonomia aurreratuekiko aldea handia da oraindik, baina etena murrizten ari da, eta bide beretik jarraituko du datozen urteetan ere.

Garapen bidean dauden herrialdeetan, Interneten erabilera %45era iritsi zen 2013an biztanle helduen artean, eta 2015ean berriz, %54ra. Hori bai, kontuan izan behar da herrialde garatuetako batez bestekoa %87koa dela. Hazkunde ikusgarriena Turkian gertatu da, bi urtetan %41etik %72raino hazi baita. Dena den, Sarearen erabilerak gorakada nabarmenak izan ditu baita ere Malaysian, Txilen, Brasilen eta Txinan.

Orobat etena murrizten ari da Smartphone-n jabe diren biztanleen kopuruan, herrialde gorakorretako biztanle helduen artean %21etik %37ra igo baita azken 2 urteotan. Herrialde garatuetako batez bestekoa %68koa da, eta Hego Korea, Australia, Estatu Batuak eta Espainia dira datu altuenak dituztenak. Mundu osoa kontuan hartuz gero, batez beste biztanleriaren %43k du smartphone bat.

Pew Research Center zentroak eginiko azterlanean badira azpimarratzeko moduko datu gehiago ere, adibidez, herrialde gorakorretako internautek Interneti eta sare sozialei ematen dieten erabilera intentsiboa. Biztanleen %75 egunean behin konektatzen da gutxienez, eta askok diote behin baino gehiagotan konektatzen direla egunean zehar; gainera, Interneteko erabiltzaileen %76k sare sozialak erabiltzen ditu. Datu horri dagokionez, Filipinak, Jordania, Indonesia eta Venezuela dira buru, sare sozialetarako konexio-indizea %90 eta %88 bitartekoa delarik (Internet erabiltzaile guztiekiko) herrialde horietan. Zifra horiek Estatu Batuetakoak eta Europakoak baino altuagoak dira.

Azterlanean ikus daiteke Internet eta smartphone-n erabileran eten handia dagoela Milurtekoko belaunaldiaren (18 eta 34 urte bitartekoak) eta 34 urtetik gorako helduen artean. Vietnameko kasua da nabarmenena: millennial gazteen %81ek Internet edo smartphone bat erabiltzen du, baina portzentaje hori %25ekoa da gainerako biztanleen artean. Azkenik, garapen bidean dauden herrialdeetan genero eten handia dago teknologiak erabiltzeko orduan. Interneten erabileran dagoen aldea bereziki handia da Afrikako herrialdeetan, batez ere Nigerian eta Kenyan. Nigerian emakumeen %29k eta gizonen %48k erabiltzen dute Sarea, eta Kenyan emakumeen %31k eta gizonen %49k. Pakistanen emakumeen %9k bakarrik dauka Interneterako sarbidea, gizonen kasuan portzentajea %22koa delarik. Zenbait herrialde garatutan ere badago genero etena, baina aldea askoz txikiagoa da: Frantzian %71 eta %80ko portzentajeak dituzte, eta Alemanian %81 eta %89koak.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow