Campus teknologikoa genero-eten digitalari aurre egiteko

23 September, 2016

SPRIk “Camp Tecnológico – Girls&Tech” proposatzen du nobedade gisa urriaren 7tik 9ra Opengune eremuan egingo den Araba Encounter topaketako jarduera-egitaraurako. Asmoa da teknologiekiko interesa zabaldu eta piztea emakumezko ikasle gazteen artean (8 urtetik hasita), eta bertatik bertara erakustea nolako aukerak dakarzkien berrikuntzak beren etorkizun hurbilari begira. Tailerrean zehar, neskatoek elektronika eta programazioko proiektu sinpleak egingo dituzte, adibidez: etxe bateko argiak kontrolatzea (led-ak, sentsoreak eta soinuak uztartuz) edo, zergatik ez, zapatila pare bat egitea led argiak erabiliz.

Lanbide teknologikoetan argi ikusten da badagoela genero arloko eten digitala, eta arazoa hezkuntzatik hasten da, STEM  (Science, Technology, Engineering and Mathematics) lizentziaturetako ikasleen %20 baino gutxiago baitira emakumeak. Emakumezko eta gizonezkoen arteko alde horren jatorria estereotipoetan eta oraindik oso errotuta dauden roletan dago. Horregatik, emakume asko kanpoan geratzen ari dira berritzeko eta aldaketa teknologikoa lideratzeko aukera handiak dakartzan etorkizun honetatik.

SPRIk – Enpresa Digitalak antolatutako jarduera-egitaraua urriaren 7an hasiko da, gai hauek landuko dituzten hiru hitzaldirekin: “Gorde zure argazkiak, bideoak eta agiriak lainoan, modu seguru eta merkean”, “Zenbait giltzarri nire WordPress proiektua blindatzeko eta pertsonalizatzeko” eta “Markdown. Ikasi idazteko modu berri bat”.

Hitzaldiekin batera, hilaren 7an tailer praktikoak eskainiko dira eguneroko bizitzan ohikoak diren alderdiei erantzuteko: “Ikasi informazioa mapa mentalekin antolatzen” eta “Telefonoa, mugikorra baino askoz gehiago: atera etekina zure Smartphone-ari”.

SPRIk antolatutako jarduerek urriaren 8an jarraituko dute beste hiru hitzaldirekin: “Eduki zure WordPress beti eguneratuta ahaleginik txikienarekin”, “CSS 2016: bost joera zure web proiektuak hobetzeko” eta, azkenik, “Linkedin, networking profesionalerako erreminta”. Egun berean, bi campus teknologiko egingo dira: lehena, “Camp Tecnológico–Sortu zeure bideojokoa Kodu erabiliz”, non bideojokoak garatuko baitituzte, eta bigarrena, “Camp Tecnológico – Girls&Tech”.

 

Araba Encounter profesionalei, afizionatuei eta teknologia berrien zaleei zuzendutako party informatikoa da. Euskaltel Konekta Fundazioak antolatzen du Eusko Jaurlaritzaren (SPRIren bitartez), Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren laguntzarekin. Hitzaldi eta tailer guztiak doakoak dira, baina plazak mugatuak direnez, aldez aurretik eman behar da izena web orrian.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow