Breakers programak integrazioa sustatzen du teknologia digitalen bidez

29 September, 2017

Programa 7 FabLab-etan garatzen da, besteak beste, Bilboko Open Espazioan.

 

“Fabrika ezazu mundu berri bat”, horixe da Breakers programaren leloa. Sorkuntza digitalean eta maker kulturan oinarritutako proposamen hezitzaile bat da, errealitate konplexuak bizi dituzten eta horrelako prestakuntza jasotzeko zailtasunak dituzten gazteei zuzendua dagoena. Orange Fundazioak antolatutako programa bat da, Estatu osoko zazpi FabLab-etan egiten dena, eta horietako bat Bilboko Zorrozaurre auzoko Open Espazioa da.

 

Breakers programaren bidez 40 prestakuntza-ordu eskaintzen dira, 16 eta 25 urte bitarteko neska-mutilek aukera izan dezaten fabrikazio digitaleko teknologiak erabiltzen ikasteko eta diseinuarekin, elektronikarekin nahiz programazioarekin lotutako gaitasun teknikoak barneratzeko. Prozesuan zehar gaitasun transbertsalak ere landuko dituzte, aurrekoak bezain beharrezkoak –edo gehiago- baitira beren etorkizun pertsonal eta profesionalerako: talde-lana, pentsamendu sortzailea, komunikazioa, e.a. Ikaskuntza horiek garatzeko taldeko proiektu bat sortuko dute, bide horretatik, maker kulturaren alderako interesa pizteko eta beren adimena bokazio berrietara zabaltzeko.

 

“Garrantzitsuena da proiektuarekin sortu den ikaskuntza komunitatea, zeinetan aplikatu baitira Susana Tesconi-k (FabLearn Fellow, Stanford Unibertsitatea) partekatutako metodologiak eta bateratu baitira programan parte hartzen duten FabLab-etan garatutako jarduerak, dokumentuak eta tresnak” azaldu du Karim Asry-k, Open Espazioko sorkuntza-zuzendariak, “ikasteko modu hori oso motibagarria da gazteentzat, gogotsu baitaude beren horizonteak zabaltzeko eta abangoardiako tresna berriak probatzeko”.

 

Breakers programaren atarian jasota daude azken lau edizioetan garatu diren proiektu guztiak, zeintzuk baliabide pedagogiko gisa erabil baitaitezke horrelako ekimenak egin nahi dituzten beste espazio batzuetan. Dagoeneko hogeita hamar gazte inguru pasa dira Open Espazioko FabLab-etik Breakers programaren bidez, eta emaitzak ikusgai daude onlineko plataforman. “Askotariko proiektuak garatu dituzte, hala nola, eskalatzeko helduleku pertsonalizatuak (horretarako konbinatu dituztelarik online eskura daitezkeen objektuak eta orobat jaso dutelarik Bilboko Piugaz rokodromoko erabiltzaileen feedbacka), mugimendu-sentsoreak dituzten lanparak edota beste objektu interaktibo batzuk” azaldu du Karmi Asry-k, “espero genuena baino askoz urrunago joan dira, 40 ordu eskaseko prestakuntzarekin”.

 

Breakers programak beste edizio bat jarriko du abian azaroan Bilbon. Makerspace Madrid zentroak eta Crefab sareak bultzatzen dute programa FEPArekin –gazteen integrazioan lan egiten duten elkarteen federazioa- batera, azken horrek aukeratzen dituelarik edizio guztietako parte-hartzaileak.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow