Bilboko Talentuaren Klubak merkatuan gehien eskatzen diren IKT zerbitzuetarako prestakuntza eman die 23 profesionali

27 October, 2015

Club del Talento ekimenaren helburua da enpresen lehiakortasuna bultzatzea,  profesionalei merkatuan gehien eskatzen diren IKT arloko tresna eta joerei buruzko prestakuntza eskainiz. Programa horren bigarren edizioa Bilbon egin da, eta amaieran ziurtagiriak banatu zaizkie 23 parte-hartzaileei.

Ekainaren erdialdetik hona, Club del Talento Bilbaok (Bilboko Udalak eta APMG International erakundeak bultzatutako ekimenak) ehundik gora prestakuntza-ordu eskaini ditu 16 ikastarotan. Ikastaro horietan parte hartu dutenek IKTekin lotutako metodologia eta zerbitzuei buruzko ezagutza teknikoak berenganatu dituzte eta lidergorako eta berrikuntzarako gaitasunak eskuratu dituzte. Euskal enpresetako 20 profesional aktibok eta lizentziatura teknikoa edo zientifikoa duten hiru langabetuk (Bilbao Ekintza eta Novia Salcedo Fundazioek hautatuak) parte hartu dute programan. Hiru langabetu horiek lana aurkitu dute prestakuntza amaitu bezain laster.

Prozesuak hiru bloke izan ditu. Hona hemen bloke zentralean aztertu direnak: Agile Project Management ziurtagiria, zeinak ikuspegi berritzaile bat eskaintzen baitu proiektuak azkar kudeatzeko; COBIT5 metodologia, antolakunde batean IKTak erabiliz lortzen diren onurak maximizatzeko; eta Lean IT, zeinaren bitartez prozesuak optimizatzen baitira produktuak azkarrago irits daitezen merkatura. Bigarren blokearen helburua izan da ezagutza teknikoak barneratzea askotariko arloei buruz: Big Data, NFC teknologiak, mugikortasuna, open data… eta programaren azken blokean, berriz, berrikuntzarako gaitasunak garatu dituzte.

Club del Talento Bilbao ekimen publiko-pribatu bat da, 26 antolakunderen laguntza duena, besteak beste, hauena: Euskadi, Estatu eta nazioarteko IKTen sektorean liderrak diren enpresak, UPV/EHU, Mondragon Unibertsitatea eta Deusto Business School. Programa iaz egin zen lehen aldiz Madrilen, eta bere helburua da enpresei laguntzea IKT arloko joera garrantzitsuenak berenganatzen, eta baita ere Informazio eta Komunikazio Teknologien arloko profesionalen eskaera gero eta handiagoari aurre egitea.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow