Bilbok teknologia sozial hezitzaileei buruzko Learning Analytics topaketa ostatatuko du

26 May, 2015

Learning analytics kontzeptuak esan nahi du ikasle eta irakasleek hezkuntza ingurune formal nahiz informaletan teknologiak darabiltzatenean sortutako datuak aztertzea. Datu horiek eta onlineko hezkuntza inguruneetan sortzen diren elkarreraginak neurtuz eta aztertuz, hobeto ulertu daitezke ikaskuntza prozesuak, eta horrela aurrera egiten da hezkuntza eredu pertsonalizatuagoak diseinatzeko bidean.

Ekainaren 22an eta 23an Bilbon egingo da LASI 2015 – Learning Analytics Summer Institute topaketa, Deustuko Unibertsitateak eta SNOLA, Spanish Network of Learning Analytics erakundeak antolaturik. Jardunaldietan ikerketa ildo horrekin lotutako ezagutzak, tresnak eta proiektu praktikoak partekatuko dituzte. Parte-hartzea doakoa da eta, hezkuntza komunitateaz gain, arduradun publikoei eta enpresei ere zuzentzen zaie.

Nazioarteko hainbat aditu etorriko dira LASI 2015 ekitaldira, hala nola Ryan Baker, zeinak hizpide izango baititu learning analytics gaiaren inguruan esparru anitzetan egin dituen ikerketak: praktika komunitateak, onlineko diskurtsoaren eraikuntza edota emozioen kudeaketa e-learning inguruneetan. Baita ere etorriko da Sharon Hsiao, zeinak hezkuntzarako teknologia sozialen inguruan eta ikusizko errepresentazioak ikaskuntza sozialaren testuinguruan erabiltzeari buruz hitz egingo baitu.

Horiez gain, egitarauak bi tailer praktiko barne hartzen ditu. Lehenengoak Enhancing educational data quality in heterogeneous learning contexts using Pentaho Data Integration du izena, eta plataforma horren erabilpena aztertuko da, non iturri desberdinetatik iritsitako hezkuntza datu multzoak integratu baitaitezke kalitate maila bermatuz. Bigarren workshop-a Educational data analisis using R da eta aukera emango du hezkuntzako datu baseak aztertzeko balio duen R software librea erabiltzen ikasteko.

SoLAR, Society for Learning Analytics Research erakundeak bultzatutako Learning Analytics Summer Institute ekimena nazioarteko topaketa sare bihurtu da, zeinaren bidez ikerlariek eta profesionalek ezagutzak eta etorkizuneko ikuspegiak partekatzen baitituzte.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow