Bilbo Commons ekimenak hiritarren kulturako laborategia sortuko du

23 June, 2016

Inteligencias Colectivas sareak eta Azkuna Zentroak bultzatu dute proiektua.

 

IC AZ Bilbo Commons ikerketaren xedea da Azkuna Zentroa irekitzea hiritarren inguruko ekimen eta kolektiboentzat, eta, bide horretatik, hiriaren eraikuntza kolektiboarekin lotutako ezagutzak partekatzea. Proiektua Azkuna kultur zentroko Amphitryon egoitza programaren barruan sortu zen, zeinak Inteligencias Colectivas sarea gonbidatu baitu aurten.

 

Ikerketa horren bidez mapeatu egingo dira eraikuntzako konponbide alternatiboekin eta hiritarrak prokomunaren arabera antolatzeko moduekin erlazionatutako Bilboko ekimenak. Hortik abiatuta, asmoa da azpiegitura bat kolektiboki diseinatu eta eraikitzea, urrian Azkuna Zentroko Atrioan ikusgai jartzeko eta ondoren hiriko beste auzo batzuetara eramateko. Espazioa hiritarren kulturako laborategi bihurtuko da azaroan, eta jarduera kolaboratibo eta irekiak ostatatuko ditu, tokiko kolektibo eta proiektuak inplikaraziko dituelarik.

 

Azpiegitura hori diseinatzeko, bi ko-sorkuntza saio programatu dituzte ekainerako, eta Inteligencias Colectivas sareak koordinatuko ditu. Lehenengoan, ekainaren 15ekoan, parte-hartzaileek azaroan antolatuko diren jardunaldietarako gaiak eta ekimenak jaso zituzten. Bigarren topaketan, ekainaren 28an, “Diseinu Adimendunaren Dekalogoa” idatziko da modu kolaboratiboan. Tailerrean zehar, parte-hartzaileek hainbat irizpide definituko dituzte etorkizuneko azpiegitura hori diseinatzeko, zeina urrian eraikiko baita tailer parte-hartzaileen bidez.

 

Inteligencias Colectivas onlineko plataforma bat da, Zoohaus sareak bultzatua eta helburutzat daukana ezagutzak partekatzea eraikuntzako proposamen alternatiboen inguruan. Espazioak datu-base ireki gisa funtzionatzen du, elkarrengandik ikasteko baliabide, material eta eraikuntza kolektiboko ereduen bidez, azken xedea delarik premia sozialei erantzungo dieten prototipoak eta hiri-mailako konponbideak sustatzea.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow