AzPlay bideojoko independente onenen bila ari da bere VI. ediziorako

30 July, 2015

Abian da AzPlay –lehen hóPlay- Bideojoko Independenteen Nazioarteko Txapelketaren seigarren edizioa eta dagoeneko zabalik dago proiektuak aurkezteko epea. Lehiaketan garapen sortzaile eta orijinalenak sarituko dira, bideojoko independenteen sektore gorakorrari ikusgarritasun handiagoa emateko. Aurreko edizioetan bezalaxe, bost kategoriatan emango dira sariak: ideia onena, diseinu sortzaileena, soinu onena, jokagarritasun onena eta euskal bideojoko onena, bakoitza 5.000 eurokoa izango delarik.

Txapelketan garatzaile indibidualek nahiz lantaldeek parte har dezakete, eta baita ere enpresek. Hori bai, proiektua lehiaketako formularioaren bidez aurkeztu beharko dute irailaren 30a baino lehen. Oinarrien arabera, gaia eta generoa libreak dira, baina ordenagailurako, kontsolarako edo dispositibo mugikorretarako sorkuntzak izan behar dute eta 2014ko urriaren 1aren ondoren garatuak.

AzPlay lehiaketako epaimahaiak 25 bideojoko inguru aukeratuko ditu finalerako, eta horiek denak Azkuna Zentroan jarriko dituzte publikoak proba ditzan. Kategoria bakoitzeko sariak azaroaren 26an banatuko dira Fun & Serious Game Festival jaialdian, AzPlay sariak nazioarteko bideojoko-jaialdi horretan antolatzen baitira sektore independenteari eskainitako atal gisa.

Fun & Serious Game Festival jaialdia azaroaren 26tik abenduaren 1era egingo da Bilbon. Ekitaldi hori Europako bideojoko industriaren erreferentzia handienetako bat da. Sektore independenteari eskainitako egitarauaren barruan Talent Day ere antolatuko dute; topagune horretan estudio, startup nahiz garatzaileek aukera izango dute beren lanak erakusteko eta harremanetan jartzeko enpresa finkatuekin, inbertitzaileekin, beste profesional batzuekin eta hedabide espezializatuekin. Talent Day ekitaldiko egitarauan tailerrak, hitzaldiak eta mahai-inguruak egingo dituzte eta, horrez gain, erakusketa eremu bat jarriko dute estudioek nahiz ikasleek garatutako sorkuntza independente berrientzat.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow