Abian da Health 2.0 Basque kapitulu berria

19 January, 2017

Datorren urtarrilaren 26an aurkeztuko da Bilbon Health 2.0 komunitatea.

 

Teknologia digitalekin eta osasunarekin lotutako 500dik gora enpresa eta startupek osatzen dute Health 2.0 mugimendua. Health 2.0 Estatu Batuetan 2007an sortutako komunitate bat da, mundu osoko hirietara hedatu dena. Ekimenaren helburu nagusia da topaketak eta hitzaldiak antolatzea, osasunaren eta IKTen arloetan egiten diren berrikuntza garrantzitsuenak ezagutarazteko.

 

Euskadin tokiko komunitate bat sortu da, eta tokiko komunitate hori hainbat herrialdetan sakabanatutako 100dik gora kapituluen artean sartu da. Proiektua urtarrilaren 26an aurkeztuko da Bilboko Berrikuntza Faktorian. Jardunaldi bat egingo da Health 2.0 komunitatea ezagutzera emateko eta osasunaren nahiz teknologia digitalen sektoreetako enpresa, ekintzaile eta profesionalekin harremanetan jartzeko.

 

Topaketan izango dira, besteak beste, Aline Noizet, Health 2.0 Europako negozioen garapenerako arduraduna, Frederic Llordachs, Health 2.0 Bartzelonako kidea eta ekimena Euskadin bultzatu dutenak: Blanca Usoz medikua eta Juan Carlos Santamaría eta Gonzalo López, Init Taldeko InitHealth euskal enpresako kideak. Jardunaldian zehar, osasunaren eta IKTen arloetako bi proiektu aurkeztuko dira: Fesia Walk eta Somosboticarios.

 

Fesia Walk Tecnaliaren ikerketa-ildo batetik sortutako startup bat da, estimulazio elektriko funtzionaleko dispositiboak garatzen eta merkaturatzen dituena gaitz neurologikoen errehabilitaziorako. Bestalde, Somosboticarios atariak harremanetan jartzen ditu profesional farmazeutikoak eta aldi-bateko bajak estaltzeko langile bila dabiltzan farmaziak.

 

Health 2.0 Basque kapitulu berri honek helburutzat dauka tokiko profesionalez osatutako komunitate bat sortzea eta aldizkako topaketak antolatzea ideiak partekatzeko, lankidetza sustatzeko, eta bide horretatik, osasunaren esparruan berrikuntza bultzatzeko. Maila globalean, Health 2.0 ekimenak urtero antolatzen ditu konferentziak eta laguntza-programak enpresa ekimen teknologiko berrientzat.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow