9.000tik gora parte-hartzaile, teknologia digitalen abantailak euskal enpresei jakinarazteko SPRIk antolatutako 274 jardueretan

22 February, 2016

2015ean, 4.0 industriara bideratutako joera teknologikoen hedapenak markatu du Enpresa Digitalaren lana. Hona hemen landutako gai batzuk: dron, errealitate handitu eta ziber-segurtasunari zuzendutako teknologia eta araudia. Eusko Jaurlaritzak sortu zuen programa hori, informazio teknologiak euskal enpresetara hurbiltzeko.

 

SPRI-Enpresa Digitala programaren helburua da teknologia digitalen abantailak azaltzea euskal enpresei. Aurten 274tik gora sentsibilizazio jarduera antolatu ditu, eta jarduera horietan 9.000 profesional baino gehiagok parte hartu dute. SPRI-Digitala Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko SPRI Taldearen programa bat da.

 

SPRIk hiru lurraldeetan dauzkan lau Enpresa Digitala zentroen bitartez antolatzen dira programaren barruko tailer, jardunaldi, kongresu eta mintegiak. 2015ean diseinatu eta garatutako jarduerek helburutzat izan dute 4.0 industriari buruzko sentsibilizazioa lantzea enpresen artean eta hartarako prestakuntza ematea, bat etorriz euskal politika industrial berriak definitutako estrategiekin.

 

Jarduera horien artetik, bi kongresu dira azpimarratzekoak: Enpresa Digitala Invest: sektore anitzeko topaketak bideratzen dituen ektialdia, esparru desberdinetako enpresek aurrez aurreko bilerak egin ditzaten beste sektore batzuetako enpresekin eta beren premiei egokitutako lankidetzak sor ditzaten. Aurtengo edizioan 4.0 industria izan da ardatza. Bigarren kongresuak Indusmedia du izena, eta topaleku paregabea da enpresa industrialentzat eta marketin digitaleko hornitzaileentzat. Aurten ere hizpide hartu dira enpresa industrial produktiboetan aprobetxatu daitezkeen komunikazioko 4.0 arloko joera teknologikoak.

 

2015ean antolatutako jardunaldien artean aipatzekoa da “Dronak: teknologia, araudia eta negozioa” jardunaldia. Aztergai izan zuten nolakoa den teknologia hori, zein den bere erabilpena arautzen duen araudia, eta, batez ere, zein den halako zerbitzuen enpresa edo erakunde erabiltzaileen ikuspegia negozioaren ikuspuntutik, beti ere teknologia egokia izanik eta legearen barruan erabiliz.
Bestalde, jardunaldi espezifiko zenbait antolatu ziren Errealitate Handituari, 3D digitalizazioari, fabrikazio gehigarriari eta ziber-segurtasunari buruz. Besteak beste, aipatzekoak dira “Internet 2015: ezagutzen zenuena historia da dagoeneko” edo “Publizitatearen intrusiotik Inbound Marketinaren sedukziora” jardunaldiak.

 

Laburbilduz, ED Araba zentroan 59 jarduera antolatu ziren, ED Bizkaiak 99 ekintza sustatu zituen eta ED Miramon eta ED Garaiak 68 eta 48 jarduera bultzatu zituzten, hurrenez hurren. EIKTei buruzko sentsibilizazio eta prestakuntza ekitaldi horietan 9.000tik gora parte-hartzaile bildu ziren.

 

SPRIren Enpresa Digitala programa ekimen publiko bat da 2002an sortu zena, enpresen lehiakortasuna hobetzeko EIKTen bidez eta negozio digital berriak garatzen laguntzeko. Enpresei eta profesionalei zuzentzen zaie. Eusko Jaurlaritzak sustatu eta finantzatzen du, eta Euskadiko Agenda Digitalaren barruan dago, hots, Eusko Jaurlaritzak Informazio Gizartea bultzatzeko eta indartzeko abiarazitako sail arteko plan estrategikoaren barruan.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow