800dik gora enpresak parte hartu dute Eusko Jaurlaritzaren eta SPRIren euskal enpresentzako 2015eko laguntzei buruzko jardunaldietan

6 March, 2015

115 milioi euro inguruko inbertsioa egingo da Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren 16 laguntza-programaren bidez


800dik gora enpresak parte hartu dute aste honetan Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak eta SPRIk (Sailaren menpeko enpresen garapenerako agentziak) antolatu dituzten hiru jardunaldietan, bertatik bertara ezagutzeko zein laguntza bideratuko diren euskal industriarentzat 2015ean. Jardunaldiak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Teknologi Parkeen egoitzetan egin dira.

Guztira ia 115 milioi euro banatuko dira 15 programa desberdinen bitartez arlo hauetan: Teknologia eta Berrikuntza, Enpresen Sustapena, Nazioartekotzea eta Arrisku Kapitala. Aurkezpen horietan hainbat azalpen eman dituzte Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak eta SPRIk urte honetan eskainiko dituzten laguntzei buruz, eta baita ere euskal enpresentzat eskaintzen dituzten zerbitzu gehiagoren inguruan.

Hauek dira laguntza programak:

Teknologia:

–       Gaitek: 34,5 milioi euroko zuzkidura du eta ETEei eta enpresa handiei zuzendurik dago. I+G+B-ko jarduerak garatzen dituzten proiektuei emango zaie, produktu berriak sor ditzaten edota oinarri zientifiko eta teknologikoko enpresa berriak abiaraz ditzaten. Itzuli beharrik gabeko diru-laguntza hau gehienez 250.000 eurokoa izango da urteko eta onuradun bakoitzeko.

–       Etorgai: 28 milioiko zuzkidura du eta hau ere ETEei eta konpainia handiei zuzenduta dago. Laguntza ematen du industri ikerketako eta garapen esperi­mentaleko proiektu integratuak –izaera estrategikokoak– EAEn gauzatu daitezen. Arlo hauetako proiektuak lehentasunezkoak izango dira: Bio-zientziak, Energia eta Manufaktura Aurreratua. Proiektu bakoitzak jaso dezakeen gehienezko diru-laguntzak ezingo du gainditu diruz lagundu daitezkeen gastuen %40.


Berrikuntza:

-Lehiabide: 2,4 milioi euro banatuko dira jarduera hauetako bat egiten duten enpresen artean: industria, erauzketa edota eraldaketa, ekoizpena, produkzio prozesuari lotutako zerbitzuak (aurrekoekin lotura dutenak) eta informazio- eta komunikazio-gizartearen arloekin lotutakoak. Bakarkako proiektuetan diru-laguntza proiektuko gastuen %50ekoa izango da, gehienez 45.000 € enpresako; lankidetza proiektuetan, berriz, gastu hautagarrien %60koa izango da, gehienez 35.000 € enpresako eta 100.000 € proiektuko.

–       Kudeabide: 1,2 milioi euroko zuzkidura, Lehiabideren laguntza jaso  dezakeen enpresa mota berarentzat. Gehienezko diru-laguntza 25.000 eurokoa izango da.

–       Pertsonak: programa honek milioi bat euro eskainiko die gorago aipatutako mota bereko enpresei, garrantzi berezia emanaz langileen  parte-hartzea bultzatzen duten ekintzei. Diru-laguntzak gastuen %50erainokoak izango dira, 60.000 euroko mugarekin, planaren diseinua egiteko, eta beste 30.000 euro emango dira parte-hartze plana ezartzeko faserako.


Informazio gizartea:

–        Lankidetza: milioi 1 euro emango dira enpresa edota profesionalen elkarteek EIKTetan (Elektronika, Informazioa eta Komunikazioak) duten lehiakortasuna hobetzeko. Laguntzak %75erainokoak izango dira, gehienez 33.000 euro proiektuko.

–       EIKTak manufakturako ETE industrialetan: 2,1 milioi banatuko dira teknologia berriak lehiakortasunerako tresna gisa erabil daitezen bultzatzeko.

–       Mikroenpresa digitala: 500.000 euro banatuko dira mikroenpresentzako “Inplantalari” eta prestakuntza zerbitzuetarako, beren lehiakortasuna hobetu dezaten; horretarako, prestakuntza emango zaie informazio teknologiak erabiltzeko.


Enpresen sustapena:

–       Gauzatu Industria: 26 milioi oinarri teknologikoko ETEak edo ETE berritzaileak sortu eta garatzeko. Diru-laguntzak gehienez 120.000 eurokoak izango dira sortutako lanpostu bakoitzeko, 1,5 milioi euroko mugarekin.

–       Gauzatu Atzerriko Ezarpenak: 5 milioi euskal enpresen atzerriko ezarpenak sortzen eta garatzen laguntzeko. ETEei zuzenduta dago. Inbertsioaren %30erainoko aurrerakin itzulgarriak emango dira.

–       AFI: milioi bat ETEen inbertsio-proiektuen finantza kargei hobariak aplikatzeko. Inbertsiorako eta zirkulatzailerako fondo galdurako diru-laguntzak dira.

–       Ekintzaile: bi milioi euro Enpresa eta Berrikuntza Zentroetan (EBZ)  helduko diren enpresa-ideientzat. Pertsonei, mikroenpresei, ETEei eta enpresa handiei zuzentzen zaie. Fondo galdurako diru-laguntzak dira, gehienez 30.000 eurokoak.

–       Miniconnect: gazela enpresa deiturikoentzat, hots potentzial handia izanik garapen azkarra behar dutenentzat. 170.000 euroko zuzkidura du eta diru-laguntzak gehienez 100.000 eurokoak izango dira hiru urtetan.

–       Renove makineria: 9 milioi ETE industrialetan makina industrialak erosteko. Gehienezko diru-laguntza %15ekoa izango da, 70.000 euro makina bakoitzeko eta 100.000 euro enpresako.

–       Ondorengotza: 200.000 euroko zuzkidura du ondorengotza-prozesua modu ordenatuan planifikatzeko mikroETE eta ETEetan. Diru-laguntza gastuen %3koa izango da hiru fase desberdinetan.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpe dagoen SPRI Taldeak (Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia) www.spri.eus webgunean eskaintzen ditu euskal enpresentzat diseinatutako laguntza eta zerbitzu guztiak. Domeinu horren bitartez kontsultatu eta eskuratu daitezke aipatu laguntza programak, eta baita ere euskal enpresentzat interesgarriak izan daitezkeen zerbitzu eta eduki guztiak (jardunaldiak, aurkezpenak, argitalpenak…). SPRIk bultzatu eta kudeatutako ekimen horiei eta beste guztiei buruzko informazioa eskuratzeko, jo info@spri.eus helbidera edo deitu Bezeroaren Arretarako telefonora (902702142).

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow