1.000tik gora enpresak parte hartuko dute Fun & Serious Festival jaialdiaren aurtengo edizioan

9 November, 2016

Hilaren amaieran Bilbon egingo da Eusko Jaurlaritzak SPRI Taldearen bitartez babestutako Europako bideojoko-jaialdi handiena.

 

Euskadin badira urtean 14 milioi euro fakturatzen dituzten 30 enpresa urtez urte hazten ari den sektore honetan.

 

Aurten bideojokoen sektoreko 1.000tik gora enpresak parte hartuko dute Fun & Serious Game Festival ekitaldian, Eusko Jaurlaritzak  SPRI Taldearen (Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko enpresen garapenerako agentzia) bitartez babestutako bideojoko-jaialdian. Azaroaren 25etik 28ra izango da Bilbon, eta 25.000 lagun baino gehiago espero dira.

 

Bideojoko jaialdia topagune garrantzitsu bihurtu da sektorearentzat, eta bere helburua da bideojokoak arte kategoria bihurtzea, zinema edo musika bezala, eta merezi duen garrantzia ematea urtez urte hazten ari den eta Espainian 2015ean 1.083 milioi euro fakturatu dituen industria honi. Gaur egun bideojokoak diseinatzen dituzten 400dik gora enpresa daude Estatuan.

 

Euskadin, sektoreko enpresak Basquegame taldera biltzen dira, zeina duela bi urte sartu baitzen Gaia-Informazio eta Elektronika Teknologien Euskal Klusterrean. Basquegame taldean 38 enpresa daude, 300 profesional enplegatzen dituztenak, 2016an 16,5 milioi euro fakturatuko dituztenak, elkartearen aurreikuspenen arabera.

 

Estatuari dagokionez, Euskadi lehenengoetakoa da autonomia erkidegoen rankingean, bideojokoen sektoreak %6,7 ordezkatzen duelako, gainera, hazkunde potentzial handia du, dispositibo mugikorretarako jokoen eta banaketa digitaleko ereduen gorakadari esker.

 

[pullquote]Sektore horretako ETEek aukera dute Eusko Jaurlaritzak eta SPRIk ematen dituzten laguntzak jasotzeko[/pullquote]

Sektore berritzailea denez eta oinarri teknologikoduna, sektore horretako ETEek aukera dute Eusko Jaurlaritzak eta SPRIk ematen dituzten laguntzak (I+G-rako, teknologiarako, enpresa proiektu berriak abiatzen dituzten ekintzaileentzako, eta abar) jasotzeko. Zehazki, programa hauen onuradun izan daitezke: enpresa teknologiko eta berritzaileak sortzeko Ekintzaile programa; produktu berriak garatzeko eta oinarri zientifiko edo teknologikodun enpresa berriak abian jartzeko Hazitek programa; edo nazioartekotze faserako Global Lehian programa.

 

Orobat jaso dezakete Basque Fondoren laguntza, hots, SPRI Taldeak Foru Aldundien eta Euskadiko Enpresa eta Berrikuntza Zentroen (EBZ) laguntzaz kudeatzen duen arrisku kapitaleko funtsarena.

 

Fun & Serious Game Festival jaialdiaren aurtengo edizioak badu berritasun bat: Games Industry Forum (GIF). Ekitaldi horren barruan industriaren foro bat sortuko da, mahai-inguruen, hitzaldien eta topalekuen bidez bertatik bertara erakusteko sektore handi honetako kide guztiak eta sinergiak sortzeko kide horien artean. Publisher-ak, garatzaileak, inbertitzaileak, venture partner-ak eta industriako bestelako eragileak elkartuko dira GIF foroan, negozioak sortzeko eta truke positiboak sustatzeko sektorean. Aurreko edizioetan bideojokoekin eta aisialdi digitalarekin lotutako 1.000tik gora enpresa hurbildu dira jaialdira, eta horien %20 beste herrialde batzuetatik etorri dira.

 

Fun & Serious jaialdiaren helburua da industria honi aitortza egitea, bultzada bat ematea eta bideojokoak arte kategoria bihurtzea, zinema edo musika bezala. Newzoo-k emandako datuen arabera, bideojokoen mundu mailako merkatuak 91.800 milioi dolarreko salmentak sortu zituen 2015ean. Zifra hori zinema merkatuarena halako bi eta erdi da -38.300 milioi dolar 2015ean, Estatu Batuetako Zinema Elkartearen arabera- eta musika merkatuarena halako sei -15.000 milioi dolar 2014an, Nazioarteko Industria Fonografikoaren Federazioak emandako datuen arabera.

 

Espainia, 1.810 milioi dolarreko diru-sarrera aurreikuspena duena 2016rako,  berriro izango da Europako laugarren merkatua -Alemania, Erresuma Batua eta Frantziaren atzetik- eta munduko zortzigarrena.

 

Topaketa azaroaren 28an bukatuko da Guggenheim Museoan egingo den ekitaldi batekin, non ohorezko sariak emango baitzaizkie sektoreko hiru langileri: Sonic bideojokoaren sortzaile den Yuji Naka japoniarrari (inoizko bideojoko ezagun eta jokatuenetako bat), WarrenSpector-i (System Shock jokoaren sortzailea) eta Harvey Smith-i (Dishonored jokoaren sortzailea). Horrez gain, sariak egongo dira beste 12 kategoriatan ere, bideojoko baten garapenean partaide diren diziplinak saritzeko.

 

Fun & Serious Game Festival jaialdiari buruz

Fun & Serious Game Festival Europa osoko bideojoko jaialdi handiena da, eta erreferentzia puntu bat industriaren barruan. Iaz 25.000 lagun igaro ziren Bizkaiko hiriburutik, Fun & Serious Game topaketako jardueretan parte hartzeko.

 

Bere helburua da bideojoko produktoreen, zuzendarien, artisten eta garatzaileen lana aitortu eta bultzatzea, hitzaldiak, mahai-inguruak, networking-a eta enpresentzako nahiz publiko orokorrarentzako jarduerak barne hartzen dituen egitarau baten bidez. Jaialdia urtero amaitzen da urteko bideojoko onenen sari-banaketa ekitaldi esklusibo batekin.

 

Fun & Serious Game Festival jaialdiak Eusko Jaurlaritzaren (SPRIren bidez), Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza du, BBVA eta El Correo dira bere babesleak, Microsoft, Play Station eta Ubisoft partner estrategikoak, eta Espainiako Bideojokoen Elkartea (AEVI), UTAD, Virtualware eta Digipen kolaboratzaile nagusiak.

 

 

 

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow