VI. ITS Euskadi kongresua: garraio adimendun, seguru eta sostengarrirantz

27 October, 2015

Datorren azaroaren 6an VI. ITS Euskadi Kongresua egingo da Gasteizko Europa Jauregian, Garraio Adimenduneko Sistemen sektoreko azken joerak erakusteko. Teknologia horiek dagoeneko aplikatzen ari dira ibilgailuetan eta mugikortasuna kudeatzeko zerbitzuetan, garraio sistema eraginkorragoak, seguruagoak eta sostengarriagoak lortzeko.

Europako Ingurumen Agentziak dioen bezala, errepidezko garraioak sortzen dituen CO2 isurien %40 hiriko trafikoak eragindakoak dira, eta hamar lagunetik bederatzik jasaten dituzten isuriak ezarritako mugen gainetik daude. Gainera, hiriguneetako auto-ilarek denbora eta diru kostu handiak eragiten dituzte, Europako BPGaren %1 ingurukoak. Arazo horri aurre egiteko, ITS –Intelligent Transport Systems- teknologiek konponbide berriak eskaintzen dituzte: hala nola, garraioaren kudeaketa optimizatua, auto-ilarei, bide alternatiboei edo aparkalekuei buruzko informazioa ematen duena; edo ibilgailu autonomoekin lotutako sistemak.

Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterrak antolatutako VI. ITS Euskadi Kongresuan aukera egongo da esparru horietan martxan dauden proiektuak ezagutarazteko. Horrez gain, EAEko eta Europako etorkizuneko joerak ere jorratuko dituzte. “Smart Mobility Areas” izango da topaketaren seigarren edizioaren leloa, aztergai izango dutelako nola ITS teknologien bidez posible den hiri adimendunerantz aurrera egitea garraioaren arloan.

Kongresua hiru bloke tematikotan banatuko da. Lehenengoa garraio publikoari buruzkoa izango da eta bertatik bertara erakutsiko dira garraio-bideen kudeaketa adimenduneko proiektuak eta erabiltzaileei denbora errealeko informazioa ematen dieten zerbitzuak, eta besteak beste, Ingartek eta Ikusi enpresek parte hartuko dute atal honetan. Bigarren blokean hiriko mugikortasuna izango da gai nagusia, eta honako hauek aurkeztuko dira: CIMEC proiektu europarra, Dinycon enpresaren trafikoa optimizatzeko sistema eta Easypark Group enpresaren Phone Parking zerbitzua. Azkenik, trafikorako ITSei buruzko blokean, Deustotech zentroak adimen artifizialean oinarritutako auto-ilarak iragartzeko bere sistema berria aurkeztuko du, Schneider enpresak trafikoko intzidenteak murrizteko egin dituen aurrerapenak erakutsiko ditu, eta TomTom eta Indra enpresek ibilgailu konektatu eta autonomoarekin lotutako teknologiak izango dituzte hizpide.

Topaketan EAEko mugikortasunaren bilakaerari buruzko hitzaldi bat eskainiko da, Marko Boronat, Eusko Jaurlaritzako Garraio Plangintza zuzendariaren eskutik. Kongresuan parte hartuko dute baita ere Antonio Aizek, Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuordeak, Jesús María López Ubiernak, Arabako Foru Aldundiko Bide Azpiegitura eta Mugikortasuneko diputatuak eta Iñaki Iturriozek, Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterreko presidenteak.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow