“Lider izaten jarraitu nahi dugu, eta %30eko merkatu kuota lortu”

23 October, 2017

 

Ez da asko Graphenea enpresa jaiotzen ikusi genuela, eta zorionez, oso ondo doakio dena… Konpainia horrek irmoki eta ilusioz beterik apustu egin zuen aukera handiko teknologia guztiz berritzaile baten alde. Grafenoaz ari gara, eta horri esker, mundu mailako liderra da orain bere sektorean, %15eko merkatu kuotarekin. Eta hori guztia hemendik, Gipuzkoako Teknologia eta Zientzia Parketik, non bere instalazioak zabaldu baititu berriki, munduko 55 herrialdetan dauzkan 600dik gora bezeroei bere zerbitzuak eskaintzeko. Enpresaren orainaz eta etorkizunaz mintzatu da Jesús de la Fuente, bazkide fundatzailea, Radio Euskadiko Made in Basque Country programan.

  

Gazteak zarete baina azkar zoaztela dirudi…

Egia esan, oso pozik gaude daramagun martxarekin. Sektore teknologikoan beti gertatu ohi den bezala, hau lasterketa bat da, eta ezin gara gelditu. Etengabe inbertitu behar dugu produkzio gaitasunean, I+G-n eta presentzia komertzialean.

 

Askok eredu bezala jartzen zaituztete.

Guretzat ohore bat da hainbat erakundek eta enpresak eredugarritzat hartzea teknologia, inbertsioa eta nazioartekotzea elkarrekin uztartzeko dugun modua.

 

Azaldu iezaguzu…  zehazki zer egin daiteke grafenoarekin?

Grafenoa material berri bat da. Produktu kimiko aurreratu baten modukoa da. Guk bi negozio-ildo dauzkagu. Batak grafenoa fabrikatzen du semi-eroaleen industriarako, elektronikarako. Gure bezero batzuek foto-sentsoreak, bio-sentsoreak, eta abar fabrikatzen dituzte. Txipak, alegia. Beste negozio-ildoan esfoliazio kimikoa erabiltzen dugu grafenoa fabrikatzeko. Material horiek gehigarri gisa erabiltzen dira polimero aurreratuak, bateriak, mintzak eta horrelakoak egiteko.

 

Zerk egiten du Graphenea hain berezi?  

Hasieratik ahalegindu gara goi-mailako kalitatedun materialak egiten. Grafenoa material-familia baten modukoa da. Ez da material bakar bat. Kalitate baxuko grafenoek beste produktu industrial batzuen antzeko errendimendua dute, grafitoak edo ikatz zuriak bezalakoa, adibidez. Baina guk materialen maila ertaineko edo goi-mailako kalitatea lantzen dugu. Hori da gure bereizgarria. IBM, Nokia, Philips edo Hitachi bezalako enpresei hornitzen dizkiegu materialak. Garrantzitsuena da materialaren kalitatea, materialaren erreprodukzio gaitasuna. Oso garrantzitsua da produktu-lote batek eta hurrengoak errendimendu bera izatea. Horretara bideratzen ditugu gure I+G-ko ahalegin guztiak, eta langile nahiz ekipamenduetan egiten ditugun inbertsioak.

 

Repsol, Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroa (CDTI), Eusko Jaurlaritza, SPRI, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Euskadiko inbertitzaile pribatu multzo txiki baina oso leiala. Bidelagun onak dituzue. Bi gauza erakusten ditu horrek: badagoela inbertitu nahi duen jendea eta badagoela inbertitzeko dirua. Nola lortzen da hori?

Egoera asko hobetu da, batez ere, proiektu teknologikoentzat. Gero eta inbertitzaile gehiago daude, bidean lagundu nahi digun jende gehiago. Egia da zenbat eta gehiago hazi, orduan eta urrunago bilatu behar direla bazkideak, Europan, Estatu Batuetan edo nonahi.

 

Non imajinatzen duzu zure enpresa bost urte barru?

Lider izaten jarraitu nahi dugu, eta %30eko merkatu kuota lortu. Gure bolumena biderkatu nahi dugu. Orain hogeita bost lagun gaude enpresan, baina hazten jarraitu nahi dugu lantalde handiagoa izateko. Oraingoz presentzia zuzena dugu hemen eta Estatu Batuetan, eta zeharkakoa Erresuma Batuan eta Japonian, kolaboratzaileen bitartez. Nazioarteko sare hori zabaltzen jarraitu behar dugu.

 

Nola lortu duzue multinazional baten mende ez erortzea?

Garrantzitsuena da lanean jarraitzea eta negozio on bat eraikitzea. Zenbait sektorek behartu egiten zaituzte bazkideekin bat egitera, eta horregatik harremanetan gaude REPSOL enpresarekin; bazkide paregabea da ingeniaritza kimikorako, polimeroen negozioa nazioartekotzeko eta oro har energiaren negozioan sartzeko. Bazkide industrial indartsua da. Baliteke beste merkatu batzuetan hazi nahi duenak akordioak lortu behar izatea beste multinazional batzuekin. Agian denborarekin ez da hala izango, baina oraingoz hori da negozioaren bilakaera naturala.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow