Laulagun-ek hutsegiteak diagnostika ditzaketen errodamenduak diseinatu ditu

3 November, 2015

Laulagun Bearings enpresa gipuzkoarrak, IK4-IKERLAN euskal zentro teknologikoaren lankidetzaz, hutsegiteak diagnostikatu eta kontrol-sistemari jakinarazteko gaitasuna duten errodamenduak diseinatu ditu itsas zabalean instalatutako aerosorgailuetarako.

Garapen honek errodamenduen eragiketa eta mantentze-lanetako kostuak murriztea ahalbidetuko du, bereziki gogoan izanda aerosorgailuetako errodamenduak konpondu edo ordezkatzeak dakarren kostu itzela, garabi-ontzia erabili behar baita lan horietarako.

Sistemak, hardware eta software osagaien laguntzaz, errodamenduaren egoera etengabe ezagutu eta balizko hutsegitei aurre egiteko aukera eskainiko du. Garatutako sentsorizazioak errodadura-pistan ager daitezkeen pitzadura eta arrakalen identifikazio goiztiarra egiteko gaitasuna du.

Sentsoreek hartutako informazioa errodamenduan txertatutako prozesamendu-unitate batera igortzen da haririk gabeko sistema batez, eta unitate horrek osasun-egoera aztertu eta bultzatu beharreko mantentze-lanen berri ematen dio kanpoko arduradunari.

Diseinu hau EEA Grants Programaren laguntzaz gauzatutako Smart-Bearing proiektuaren barruan garatu da

Europako herrialdeen artean dauden desberdintasun ekonomiko eta sozialak murriztu eta haien arteko harremanak indartzen laguntzea da Islandiak, Liechtensteinek eta Norvegiak elkarrekin finantzatu duten ekimen honen helburua.

Bi urteko iraupenaz, proiektua azken fasean sartu da, eta garatutako sentsorizazio eta monitorizazio sistemarekin saiakuntzak egitea da oraingo erronka.

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow