Korrosioaren eta higaduraren aurkako erresistentzia duten estaldurak diseinatu dituzte biomedikuntzan erabiltzeko

21 July, 2015

IK4-TEKNIKER euskal zentro teknologikoak korrosioaren eta higaduraren aurkako erresistentzia handia duten estaldura tekniko aurreratuak diseinatu ditu, hortz-inplanteetan eta belauneko nahiz aldakako protesietan erabiltzeko.

Gaur egun, erabilera medikoko inplanteetan erabiltzen diren titaniozko aleazio biomedikoek korrosioarekiko erresistentzia handia dutela frogatu dute, baina irristatzeetan eta beste material batzuekiko igurzketan, titanioak higadura handia izan ohi du.

Fenomeno honen ondorioz, behar baino lehenago protesietan akatsak eragin ditzaketen higadura-partikulak ager daitezke, eta testuinguru honetan, erresistentzia handiko estaldurak lortzea giltzarrizkoa da protesien bizitza erabilgarria luzatu ahal izateko.

Honela, Eibarko zentroak tantalo nitruroz (TaN) egindako estaldura biobateragarriak garatu ditu, korrosioari eta higadurari aurre egiteko modukoak eta PVD (urrun-faseko lagatze fisikoa) teknologiaren bitartez laga daitezkeenak.

Tantalo nitrurozko estaldurek goitik behera murrizten dituzte igurzketa eta (korrosioaren ondoriozko) higadura mekanikoa eta kimikoa. Murrizketa hori % 98koa da titaniozko substratuaren aldean.

Gainera, ikertzaileek, DLC (Diamond Like Carbon) klaseko estaldurak eta plasma bidezko elektro-oxidazioa (PEO) delako teknologian oinarritutako gainazal-tratamenduak diseinatu dituzte.

“Teknologia hauen erabilpenaren bitartez, korrosioaren eta higaduraren aurkako erresistentzia duten estaldurak lortu dira”, ziurtatu du ikerketa koordinatu zuen Amaia Igartuak.

Garatutako materialak bioteknologia, biomedikuntza eta osasuna bezalako sektoreetan aplika daitezke, baita aeronautika eta automobilgintza sektoreetan ere, besteak beste.

IK4-Teknikerren aurkezpena

[embed_blog_up_euskadi id=”2″]

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow